Mundua -
70 urte politikan
Ximon Peres Israelgo presidente ohia hil da, 93 urte zituela
Osloko bake prozesuaren sustatzaileetako bat izan zen; horri esker, Bakearen Nobel saria jaso zuen, Jassir Arafat eta Isaak Rabin politikariekin batera.
agentziak | erredakzioa
Ximon Peres Israelgo presidente ohi eta Bakearen Nobel sariduna hil da goizaldean, 93 urte zituela, buruko hemorragia izan eta bi astera, Shiva Ospitaletik (Tel Hashomer, Tel Avivetik gertu) hango hedabideei azaldu dietenez.
Peres zentro horretan ospitaleratu zuten, irailaren 13an, buruko hemorragia izan zuelako, eta azken orduetan haren egoerak okerrera egin zuen nabarmen, Ynet albiste agentziaren arabera.
Israelen 07:00ak zirenean zabaldu behar zuten medikuek haren osasun egoeraren berri emateko agiria, baina hil egin dela zabaldu dute dagoeneko hedabideek.
Azken bi asteetan, larri baina egonkor egon da, nahiz eta hilzorian egon zen ospitaleratu osteko lehen 24 orduetan.
Ezustean hartu dute israeldarrek haren heriotzaren berri, ospitalean hobekuntza txikia izan zuelako eta laster arnasa bere kabuz hartzen hasteko moduan izango zela uste baitzuten medikuek.
1994an, Osloko Itunak sinatu ostean, Bakearen Nobel Saria jaso zuen, Isaak Rabin lehen ministro israeldarrarekin eta Jassir Arafat Palestinako presidentearekin batera. 1995ean hil zen lehenengoa, eta 2004an, bigarrena.
Adituen arabera, Israelen Estatua 1948an sortu zuten politikarien belaunaldia amaitu egin da.
Hileta jendetsua eta nazioartekoa
Barack Obama, Francois Hollande eta Enrique Peña Nieto AEBko, Frantziako eta Mexikoko presidenteek, hurrenez hurren, baieztatu dute dagoeneko Ximon Peres Israelgo presidente ohiaren hiletan izango direla.
Orotara, hogei estatuburuk eta gobernuburuk baino gehiagok ostiralean Jerusalemgo Herzl Mendian egitekoa den hiletara joateko asmoa agertu dute.
Israelgo Kanpo Arazoetarako Ministerioak zabaldutako zerrendaren arabera, AEBtik John Kerry Estatu idazkariak, Hillary Clinton presidentegai demokrata eta horren senarra, Bill Clinton, ere izango dira, Obamarekin batera.
Aipatutakoez gain, momentura arte, Togo eta Errumaniako presidenteek, hala nola Kanadako eta Australiako lehen ministroek, Carlos printzeak eta Holandako erreginak ere, besteak beste, baieztatu dute ekitaldian egongo direla.