Mundua -
Immigrazio politika
Erresuma Batuak mugak jarri nahi dizkio atzerritarren kontratazioari
Gobernu britainiarrak langile atzerritarren kopurua aitortzera behartu nahi ditu enpresak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Theresa May buru duen Erresuma Batuko gobernuak langile atzerritarren kontratazio baldintzak gogortu nahi ditu, immigrazioari mugak jartzeko asmoz. Batetik, Gobernu britainiarrak langile atzerritarren kopurua aitortzera behartu nahi ditu enpresak, bertako langileen kontratazioa bultzatzeko; bestetik, muga gehigarriak jarri nahi dizkie lan baimena eskuratu nahi duten langile atzerritarrei eta ikasle atzerritarrei.
Erresuma Batuko Alderdi Kontserbadoreak urteroko kongresua egin zuen atzo Birmingham hirian, eta lehen ministro britainiarrak ekainaren 23ko erreferendumean Erresuma Batua Europar Batasunetik ateratzearen alde botoa eman zutenen "iraultza isila" azpimarratu zuen.
Alderdikideen aurrean egin zuen hitzaldian, Theresa Mayk onartu zuen Londresen eta Bruselaren arteko negoziazioak "gogorrak" izango direla eta goiz dela oraindik negoziazio horien ondorioak zein izango diren jakiteko. Dena den, gai batzuetan amore ematea ezinbestekoa izango dela aitortu du.
"Erresuma Batua beste herrialde bat da" erreferendumaren ondoren, adierazi zuen lehen ministroak. Hala eta guztiz ere, ziurtatu zuen ahaleginak egingo dituela bertako enpresek Europako herrialdeekin saloresketak egiten jarrai dezaten.
Bestalde, Amber Rudd Barne ministroak immigrazioari mugak jartzeko gobernu britainiarrak iragarritako egitasmoa defendatu zuen. Esaterako, begi onez ikusten du enpresak zenbat langile atzerritar dituzten adieraztera behartzea, langile britainiarren kontratazioa bultzatzeko asmoz. Gainera, langile atzerritarren kontratazioari eta ikasle atzerritarren sarrerari muga gehigarriak ipini behar zaizkiola adierazi zuen. Barne ministroaren hitzaldiak hautsak harrotu zituen oposizioko alderdien eta enpresa munduko hainbat sektoreren artean.
Kritika oldearen aurrean, Ruddek gobernu britainiarraren egitasmoa defendatu zuen eta immigrazioaz hitz egiteagatik "arrazistatzat" ez jotzeko eskatu zuen irrati kate britainiar bati egindako adierazpenetan.