Mundua -
Indarkeria etnikoa
Uzbekistanek Kirgizistaneko errefuxiatuen sarrera itxi egin du
Kirgizistango 83.000 errefuxiatu uzbeko Uzbekistanen bilatu dute babesa liskar etnikoengandik ihesik eta ehunka kanpalekutan ezarri dituzte Andiyan, Namangansk eta Ferganako erregioetan.
Erredakzioa
Uzbekistanek mugak itxi ditu Kirgizistaneko errefuxiatu uzbeko gehiagoren sarrera ekiditeko.
Kirgizistaneko etnia uzbekoko 83.000 hiritarrek babesa bilatu dute Uzbekistanen herrialde auzokidearen hegoaldean izan diren liskar etnikoetatik ihesik. Dagoeneko 170 lagun hil egin dira Kirgizistanen indarkeria etnikoa dela eta.
Abdula Aripov lehen ministro ordeak adierazi duenez, "ez daukagu lekurik errefuxiatu gehiago jasotzeko".
Arivopen arabera, dagoeneko Kirgizistango 45.000 hiritar ofizialki errefuxiatu bezala erregistratu dituzte, haurrak zenbatu gabe.
Errefuxiatuak ehunka kanpalekutan ezarri dituzte Andiyan, Namangansk eta Ferganako erregioetan. Bertan laguntza medikoa jasotzen ari dira, RIA-Novosti agentzia errusiarrak adierazi duenez.
Bien bitartean, behin-behineko Gobernuak asteazkena dolu-eguna izango delaren berri eman du, herrialdean izan diren hildakoak omentzeko.