Mundua -

AEB-KO EZTABAIDA

Trump eta Clinton, berriro aurrez aurre

Hirugarren eta azken telebista eztabaida dute gaur, Las Vegasen, AEBko hauteskundeen aurretik. Hainbat inkesten arabera, Clintonek zazpi bat puntuko aldea ateratzen dio Trumpi.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hillary Clinton eta Donald Trump AEBko hauteskundeetako bi hautagaiek berriro ikusiko dute elkar, gaur iluntzean. Hirugarren eta azken telebista eztabaidan izango dira aurrez aurre, Las Vegasen (Nevada). Azken asteotan Trumpen aurkako sexu-eraso salaketek hautsak harrotu dituzte, eta  adituen iritzian, gaurkoa da hautagai errepublikanoak bere irudia garbitzeko duen azken aukera.

Irailean egin zuten aurreneko eztabaida, New Yorken, eta orduan bi hautagaiak oso berdinduta zeuden, galdeketen arabera. Ordutik baina, Trumpek diskurtsoa asko gogortu du, eta bera nahasita dagoen sexu eskandaluak bata bestearen atzetik etorri dira.

Joan den astean, lau emakumek salatu zuten hautagai errepublikanoak egindako sexu-gehiegikerien biktima izan direla. Egun batzuk lehenago, berriz, 2005ean grabatutako bideo bat publikatu zuen  The Washington Post egunkariak, Trumpek egindako adierazpen matxistak jasotzen zituena.  Grabazioan, emakumeei "nahi duena egiten" saiatzen dela azaltzen zuen hautagai errepublikanoak. "Oso famatua zarenean, nahi duzuna egiten uzten dizute", esan zuen.

Eskandaluon aurrean, Trumpek agerraldia egin  zuen Saint Louisen, Bill Clinton AEBko presidente ohiaren eta hautagai demokrataren senarraren aurka sexu-eraso salaketak jarri zituzten hainbat emakumek lagunduta. Zenbait hedabidek bere kontra martxan jarritako estrategiaren baitan kokatu zituen azken egunotan zabaldutako informazio guztiak.

Alderdi Errepublikanoko hainbat kidek Trumpen dimisioa ere eskatu dute, baina horrek argi eta garbi esan du ez duela atzera egingo.

Kanpaina azken txanpara iristen ari den honetan, inkesten arabera, Clintonek aldea atera dio Trumpi, aipatutako eskandalu guztiak tarteko. Real Clear Politics atariak egindako galdeketak jasotzen duenez, zazpi bat puntukoa da bi hautagaion arteko aldea, demokrataren mesedetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Hauteskundeak AEB 2024 Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Trump gaur Hillary Clinton albisteak