Mundua -
Caracasen
Maduro kargugabetzea aldarrikatu dute oposizioko emakumeek Venezuelan
Lilian Tintori, Leopoldo Lopez Maduroren gobernuaren aurkako presoaren emaztea, eta chavismoaren kontrako beste hainbat ordezkarik parte hartu dute protestan.
Agentziak | Erredakzioa
Venezuelako oposizioko emakumeek manifestazioa egin dute larunbat honetan Caracasen (Venezuela). Batetik, Maduroren presidentetza baliogabetzeko galdeketa bertan behera utzi izana salatu dute; bestetik, berriz, Nicolas Maduro Estatuko burua kargugabetzeko prozesua abia dezan eskatu dio Batzar Nazionalari.
Lilian Tintori Leopoldo Lopez presoaren emaztea izan da "Mujeres resteadas" protestaren buruan, baita beste zenbait ordezkari antichavista ere: Maria Corina Machado diputatu ohia eta San Cristobal herriko (Venezuela mendebaldean) alkatea, Patricia de Ceballos.
Machadok honako mezu hau helarazi die Venezuelako Parlamentuari, Indar Armatuei eta Ameriketako Estatuen Antolakuntzari: "Lehenik eta behin, dagokion legezko botereari (…) Bihar, ezohiko saioan, Batzar Nazionalak diktadura ezarri behar du Venezuelan, bihar bertan ekin behar dio Nicolas Maduro kargugabetzeko prozesuari".
"Ez digute baliogabetzeko eskubidea kenduko" lemapean, oposizioko emakumeek "hiritarren desobedientziari" ("Konstituzioari men egitea" esaldia ere erabili dute) eutsiko diotela adierazi dute. Horretarako, "egunero" ekitaldiak antolatuko dituzte kalean, eta igande honetan Parlamentura joango direla baieztatu dute.
Halaber, Konstituzioko 350. artikuluak dioena defendatu dute, Venezuelako hiritarrek "berme demokratikoak edo giza eskubideak gutxiesten dituen erregimen, legedia eta aginteekin" ez dutela bat egingo argudiatuta.
Hori oinarri gisa hartuta, Lopezen emazteak deia egin die venezuelarrei, datorren asteazkenean "Venezuela bere egiteko" ekimenarekin bat egin dezaten. "Mesa de la Unidad Democratica (MUD)" elkartasunak antolatutako protesta da, eta Maduro kargugabetzeko babesa lortzeko sinadura-bilketa hastekoa zen egun berean izango da.