Mundua -
Ontzidiari eraso egin ondoren
Israelgo Gobernuak arindu egingo du Gazako blokeoa
Lurralde palestinarrean erabilera zibileko produktuak sartzeko baimena emango du, baina helburu militarrak izan ditzaketenen sarrera galarazten jarraituko du.
Erredakzioa
Israelgo Gobernuak Gazako Eremuaren kontrako blokeoa arintzea erabaki du, eta lurralde palestinarrean erabilera zibileko produktuak sartzeko baimena emango du.
Lehen Ministroaren Bulegoak igorritako agiri batean agertzen denez, hala ere, helburu militarrak izan ditzaketen produktuen sarrera galarazten jarraituko dute.
"Segurtasun Kabineteak eztabaida zabala izan du azken bi egunotan Israelek Gazarekiko izan behar duen politikaren inguruan", adierazi dute Benjamin Netanyahu buru duen bulegoak igorritako agirian. "Ondasun zibilak Gazara sartzeko sistema liberalizatu" dela berretsi dute bertan.
Netanyahuren Gobernuko adar gogorrenak ere onartu egin du "proiektu zibiletara bideratutako eta nazioarteko ikuskaritzapean dauden produktuen hornidura zabaltzea, eta gerrarako materiala edo armak sartzea galarazteko segurtasun prozedurekin jarraitzea". "Datozen egunotan, politika hori gauzatzeko eman beharreko pausoak erabakiko ditu Gobernuak", agirian agertzen denez.
Era berean, nazioarteari eskaria egin diote Gilad Shalit duela lau urtetik Gazako milizianoen esku bahituta dagoen soldadu israeldarra askatzen lagun dezan.
Etsi egin du nazioartearen presioaren aurrean
Gaur iragarri duen neurriarekin, Israelgo Gobernuak etsi egin du nazioarteko presioaren aurrean, iragan maiatzaren 31n israeldarrek "Askatasunaren ontzidia"ri egindako erasoan bederatzi pertsona hil ondoren, nazioarteak Gazaren blokeoa bertan behera uzteko eskatu zuen eta.
Atzo, Catherine Ashton Europako Batzordeko presidenteorde eta Europar Batasuneko Atzerri Gaietarako arduradunak blokeoa bertan behera uzteko eskatu zion Israeli Europako Parlamentuan egindako agerraldian, blokeoak "jende normalari" kalte egiten diolako, "berreraikuntza galarazten" duelako, "muturreko jarrerak elikatzen" dituelako eta "Hamasi agintea" ematen diolako.
"Gazaren sufrimenduak ez du Israel seguruagoa egiten. Horrek ezin du aurrera jarraitu. Aldatu beharra dago egoera", Ashtonen esanetan.
AEBek ere, Israelen aliatu nagusiak, "jasanezintzat" jo zuen Hamasen agintaritzapean dagoen Eremuari egiten dioten blokeoa, eta baldintzak berrikusteko eskea egin zuen.