Mundua -

Utah

14 urteren ondoren, fusilatu egingo dute preso estatubatuar bat

Ronnie Lee Gardnerri bi pertsona hiltzeagatik ezarri zioten heriotza-zigorra, eta bera izan zen fusilamendua aukeratu zuena, injekzio hilgarria beharrean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ronni Lee Gardner heriotza-zigorra ezarri zioten preso estatubatuarra hilko dute gaur fusilatuta Utahko presondegi batean. Duela hamalau urte hil zuten azkeneko aldiz preso bat era horretara.

49 urteko presoa gauerdian hilko dute Draper estatu-presondegian, horretarako bereziki prestatutako gela batean, The Guardian egunkariak Interneteko atarian jakitera eman duenez.

Apirilean, Gardnerri galdetu egin zioten nola nahi zuen hil (fusilatuta ala injekzio hilgarriaz), eta honakoa esan zion epaileari: "Fusilamendu pelotoi bat nahi dut, mesedez".

Heriotza-zigorra

Gardnerri bi pertsona hiltzeagatik ezarri zioten heriotza-zigorra 1985ean. Presoa taberna bateko langile bat hiltzeagatik epaitzen ari zirenean, auzitegitik ihes egiten saiatu zen eta ahalegin horretan Michael Burdell abokatua hil zuen tiroz. Epaitegiko agente bati ere egin zion tiro, eta urte batzuk geroago hil zen zaurien ondorioz.

Hala ere, duela astebete, Gardnerrek apelazio batzordearen aurrean hitz egin zuen eta "oso damututa" zegoela esan zuen.

Exekuzioa

Hango gauerdian izango da fusilamendua. Identifikatu gabeko bost polizia Gardnerren aurrean lerrokatuko dira kaputxa bat jantzita eta bihotzera egingo diote tiro rifle batez. Fusilatu aurretik, presoak bere azken hitzak esateko aukera izango du.

Hirugarren aldia izango da preso bat fusilatuta hiltzen dutela 1976an berriro heriotza-zigorra ezarri zenetik. Aurreko biak 1977an eta 1996an izan ziren.

Oklahomaz gain, Utah da AEBetako estatu bakarra fusilamendua erabiltzen duena exekuzioak egiteko metodo gisa. Presoei aukeratzen uzten zaie horren eta injekzio hilgarriaren artean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea