Mundua -
Indarkeria-bolada
18 lagun hil eta beste 100 zauritu dira zenbait erasotan, Iraken
Irakeko sei soldadu hil dira gizon talde armatu baten erasoa jaso ostean, Armadako kontrol postu batean Al Qaemen, Siriako mugatik gertu.
Erredakzioa
Gutxienez 18 lagun hil dira gaur, horien artean Irakeko sei soldadu, eta beste 100 zauritu dira zenbait erasotan, Iraken, Barne Ministerioko eta Poliziako iturriek jakitera eman dutenez.
Irakeko sei soldaduak gizon talde armatu baten erasoa jaso ostean hil dira, Armadako kontrol postu batean Al Qaemen, Siriako mugatik gertu. Era berean, eraso horretan zazpi lagun zauritu dira.
Bonba-autoak
Bestalde, gutxienez hamar lagun hil eta 50 baino gehiago zauritu dira bonba-auto batek eztanda egin eta gero, Niazi Menmar Oglu agintari lokalaren etxebizitzatik gertu, Tuz Jormaton, Tikritetik 90 kilometrora.
Gutxienez bi lagun hil eta beste 31 zauritu dira Diyalako probintzian, beste bonba-auto batek lehertu ostean Al Mualimin auzoan, Baqubako mendebaldean. Zaurituen artean, bederatzi emakume eta zazpi haur dira.
Lapa-bonba
Gainera, gutxienez lau lagun zauritu dira lapa-bonba batek eztanda egin ostean, Al Hareziya auzoan, Bagdaden.
Lehenxeago gutxienez zortzi lagun hil eta beste zortzi zauritu dira Abu Graiben, Bagdadetik 25 kilometrora. Hiru kohetek zenbait etxeren kontra talka egin dute eta funtzionario baten etxebizitzari ere eraso egin diote. Azken eraso horretan bi senar-emazte eta haien seme-alabak hil dira.