Mundua -
Poloniako hauteskundeak
Komorowskik irabazi ditu bozak, baina bigarren itzulia beharko du
Hautagai liberalak botoen % 41 eskuratu ditu, Kaczynski kontserbadoreak baino % 5 gehiago, eta bigarren itzulia beharrezkoa izango da presidentea hautatzeko.
Erredakzioa
Bronislaw Komorowski hautagai liberala izan da bozkatuena Poloniako igandeko hauteskunde presidentzialetan, boto-emaileen % 41en babesa jasota, botoen % 94 zenbatu ostean jakitera eman dutenez.
Poloniako hauteskunde batzordearen arabera, Komorowskiren atzetik geratu dira Jaroslaw Kaczynski kontserbadorea botoen % 36rekin eta Grzegorz Napieralski ezkertiarra % 13rekin.
Emaitza horrek agerian uzten du bigarren itzulia beharko dela, izan ere, inork ez du lortu botoen % 50era iristea, eta bertan boto gehien eskuratu dituzten bi hautagaiak lehiatuko dira. Hurrengo bozak uztailaren 4an izango direla aurreikusi dute.
Hauteskunde batzordeak zehaztu du gainerako zazpi hautagaiak ez direla botoen % 3ra iritsi, eta laugarren hautagaia Janusz Korwin-Mikke monarkikoa izan omen da.
Hauteskundeak udazkenean egin behar zituzten hasieran, baina aurreratu egin zituzten Lech Kaczynski estatuburuaren heriotzaren ostean. Iragan apirilaren 10ean hil zen, beste 95 pertsonarekin batera, hegazkin istripuz.
Abstentzio handia
Espero zen abstentzio handia baieztatu dute emaitzek. Hautesleriaren % 54k parte hartu du bozetan, gutxik, baina 2005eko hauteskundeetan baino % 4 gehiagok, eta kale-inkestek ziotena baino gehiagok.
Bigarren itzulian Poloniako ezkerrak izan dezake giltza, eta ziurrenik Bronislaw Komorowski hautagai liberalaren aldeko apustua egingo du, Kaczynski kontserbadorearen kaltetan.