Mundua -

Lehen izendapenak

Tea Partyko kide bat CIAko buru izendatu du Trumpek

AEBko presidente hautetsiak eskuin muturreko aliatuak izendatu ditu justiziako eta segurtasun nazionaleko hiru kargutan.

Mike Pompeo, CIAko hurrengo burua. EFE
Mike Pompeo, CIAko hurrengo burua. EFE
Mike Pompeo, CIAko hurrengo burua. EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donald Trump AEBko presidente hautetsiak hasieratik babesa agertu zioten eskuin muturreko hiru pertsona izendatu ditu justiziaren eta segurtasun nazionalaren arloetako hiru kargu garrantzitsutarako.

Hain zuzen ere, Jeff Sessions Alabamako senataria fiskal nagusia izango da; Michael Flynn jeneral erretiratua, segurtasun nazionaleko aholkulari; eta Mike Pompeo Tea Partyko kongresista, CIAko zuzendari.

Jeff Sessions Donald  Trumpi babesa agertu zioten lehen kongresistetako bat izan zen, eta haren hauteskunde kanpainako segurtasun batzordeko presidentea izan da. Legez kanpoko immigrazioaren aurkari ezagunetakoa da herrialdean, eta Alabaman fiskal giza aritu zenean arrazakeria akusazio ugari izan zituen. Are gehiago, Ku Klux Klan mugimenduko jarraitzaile dela aitortu zuen, “porroak erretzen” dituztela “deskubritu” zuen arte.

Bestalde, Michael Flynn jeneral ohiari Genevako Ituna mespretxatzea egotzi dio Human Rights Watch elkarteak.

Alderdi Demokratan erroldatuta badago ere, independente gisa hartzen dute AEBn, eta adierazpen polemikoak egin ohi ditu. Adibidez, musulmanei “gorrotoa” izatea "zentzuzkoa" dela idatzi izan du Twitterren.

Azkenik, Mike Pompeo Tea Party mugimenduko eta Erriflearen Elkarte Nazionaleko kide da.

Guantanamoko espetxea ixtearen aurka agertu da, eta AEBko lider musulmanei “terrorismoaren konplize” izatea leporatu die.

Nolanahi ere, gauza guzti horien gainetik, Benghaziko (Libia) atentatuagatik Hillary Clinton Estatu idazkari ohiaren jarduna ikertu zuen batzordeko kide sutsua izan zen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Hauteskundeak AEB Gaurko azken ordukoa Donald Trump albisteak