Mundua -
Europako Parlamentua
Schulz Alemaniako bozetara aurkeztuko da, Europako Parlamentua utzita
Gaur egun Europako Parlamentuko presidente denak ez du zehaztu kantziler izateko borrokan Angela Merkelen lehiakide izango den ala ez.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Martin Schulz Europako Parlamentuko egungo presidenteak kargu utziko du urtarrilean, eta Alemaniako politikagintzara itzuliko da, datorren urteko iraileko hauteskunde orokorretan parte hartzeko. Bruselan kazetarien aurrean egindako agerraldi labur batean azaldu duenez, SPD Alemaniako alderdi sozialdemokratako Ipar Renania-Westfalia estatu federatuko zerrendaburua izango da.
Honela, Schulz Alemaniako politikagintzara itzuliko da urtarrilaren 17tik aurrera, behin Europako Parlamentuko bere agintaldia amaitzen denean. Dena den, ez du zehaztu kantziler izateko borrokan Angela Merkelen lehiakide izango den ala ez.
Ez dela erabaki erraza izan onartu ostean, bere agintaldiko azken egunera arte "indar eta uste osoarekin" lan egingo duela azpimarratu du.
Oraingoz, Mairead McGuinness Irlandako europarlamentariak soilik adierazi du Shulzen tokia hartzeko asmoa duela. Hala ere, Antonio Tajani italiarraren eta Alain Lamassoure frantziarraren izenak ere bolo-bolo dabiltza.