Mundua -
Auzitegiak
Poloniako Gorenak berretsi egin du Polanski AEBetara ez estraditatzea
2015eko urrian, Krakoviako auzitegi batek uko egin zion Polanski estraditatzeko AEBek egindako eskaerari, duela berrogei urte inguruko sexu-delituzko karguengatik.
Agentziak | Erredakzioa
Poloniako Auzitegi Gorenak berretsi egin du asteazken honetan Roman Polanski zinemagilea Ameriketako Estatu Batuetara ez estraditatzeko erabakia. Modu horretan, baztertu egin du gauza bera zioen aurretiko epai baten aurka Poloniako Gobernuak aurkeztutako helegitea, PAP agentziak jakitera eman duenez.
Joan zen maiatzean, Poloniako Gobernuak jakinarazi zuen helegitea aurkeztu behar zuela Krakoviako auzitegi batek Polanski AEBetara estraditatua ez izatearen alde plazaratutako epaiaren kontra.
Izan ere, 2015eko urrian Krakoviako epaitegi batek uko egin zion Polanski estraditatzeko AEBek egindako eskaerari, duela berrogei urte inguruko sexu-delituzko karguen harira.
Zinema zuzendariak 1977an aitortu egin zuen sexu-harremanak izan zituela 13 urteko adingabe batekin argazki-saio batean, Los Angelesen. Zinemagileak hilabete eman zuen espetxea, baina hurrengo urtean ihes egin zuen uste izan baitzuen Justiziak espetxe-zigor luzea ezarriko ziola.
Nahiz eta Polanskik adingabearekin akordio ekonomiko bat adostu zuen eta hark karguak kendu zituen, Los Angeleseko auzitegi batek ez zuen onartu kasua artxibatzeko Polanskiren abokatuek egindako eskaera.