Mundua -
Erasoa zentro islamiar batean
Zuricheko erasoaren ustezko egilea hilda topatu dute
Susmagarriak ihes egin zuela esan zuen hasieran Poliziak, baina gaur jakinarazi du hilda aurkitu dutela.
Agentziak | Erredakzioa
Zuricheko Poliziak astearte honetan jakinarazi duenez, atzo zentro islamiar baten kontra erasoa egin omen zuen gizonezkoa hilda dago. Hiru lagun zauritu ziren tiroketan.
Tiroen ustezko egileak ihes egitea lortu zuela esan zuen Poliziak hasiera batean. Gaur ohar baten bidez jakinarazi duenez, hura bilatzen ari zirela, zentrotik hurbil gizonezko baten gorpua aurkitu dute, eta, ikerketen arabera, tiroketaren ustezko egilea da.
Poliziak ez du gizonaren inguruko datu gehiago eman, eta prentsaurrekoa iragarri du 14:00etarako, gertaera horren ingurukoak azaltzeko. Suitzako egunkarien arabera, gorpuaren ondoan arma bat topatu dute agenteek.
Erasoan, 30 eta 56 urte bitarteko hiru gizon zauritu ziren; horietako bi, larri. Zentro islamiarra Zuricheko tren-geltoki nagusitik gertu dago.