Mundua -
Ekialde Hurbila
Kerryk dio Palestinak bere Estatua izan behar duela bakea lortzeko
AEBko Estatu idazkariaren iritzian, Israelen eta Palestinaren arteko gatazkari behin-betiko amaiera emateko bi estatu eraikitzea ezinbestekoa da.
Agentziak | Erredakzioa
John Kerry AEBko Estatu idazkariak esan du Ekialde Hurbilean bakea lortzeko aukera bakarra Israelek eta Palestinak nork bere Estatu propioa izatea dela.
Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluan AEBk beto eskubideari uko egin eta Israelek Palestinan asentamenduak jartzeko politika amai dezala exijitzen duen ebazpena ahalbidetu zuen. Kerryk agerraldia egin du gaur jarrera hori defendatzeko.
“Bozketa horren helburua bi Estatuen irtenbidea aldarrikatzea izan zen”, esan du. “Ebazpen horren kontra ez egitearen erabakia gure baloreetan oinarrituta hartu genuen”, erantsi du.
Horrez gain, Kerryk gogor kritikatu du Benjamin Netanyahu lehen ministro israeldarra eta eskuin muturreko jarrera izaten ari dela salatu du.
“Asentamendu gehiago eraikitzeko asmoak ez du zerikusirik Israelen segurtasunarekin eta konponbidea oztopatzen dute”, azaldu du.
Ildo horretan, palestinarren helburuak ere kontutan izan behar dituztela esan du.
“Israelen etorkizuna eta palestinarren duintasuna bermatzeko bide bakarra bi Estatu eraikitzea da”, azpimarratu du.