Mundua -
Istanbulgo erasoa
Estatu Islamikoko 27 ustezko kide atxilotu dituzte erasoagatik
Turkiako Gobernuak berretsi du Poliziak identifikatuta daukala erasoaren egilea. Ihes eginda jarraitzen du.
Agentziak | Erredakzioa
Estatu Islamikoa taldeko 27 usteko kide atxilotu ditu Turkiako Poliziak asteazkenean Izmir probintzian (Turkia mendebaldean), urtarrilaren 1ean Reina diskotekan izandako erasoarekin zerikusia izatea egotzita.
Hurriyet egunkariaren arabera, hainbat gazte daude atxilotuen artean, eta Erdialdeko Asiako hiru familiaren parte dira. Ustez, erasotzailearekin batera bizi ziren Konya hirian, Turkia erdigunean, eta etxetik ihes egin zuten atentatuaren ostean.
Egunkariak argitaratu duenez, Poliziak uste du Estatu Islamikoko burua, ustez Reina diskoteka erasoa pentsatu zuena, Yusuf Hocan dagoela.
Terrorismoaren aurkako unitateak sarekada bat gauzatu du Izmirreko lau etxetan eta, segurtasun zerbitzuen arabera, operazioak indarrean jarraitzen du. Beste 16 pertsona atxilotu dituzte Istanbulen eta Konyan urtarrilaren 1aren eta 3aren artean, ustez erasoan izandako inplikazioagatik. 39 pertsona hil ziren eta 65 zauritu.
Turkiak erasotzailearen identitatea berretsi du
Mevlut Cavusoglu Turkiako Kanpo gaietarako ministroak asteazkenean berretsi duenez, Poliziak badaki Istanbulgo Reina diskotekan izandako erasoaren egilearen identitatea, baina ez du jakinarazi.
Reina diskoteka dagoen ?Ortakoy auzoko erasotzailea identifikatuta dago, eta ikerketa aurrera doa?, esan dio Cavusogluk Andaolu Turkiako agentzia erdipublikoari.
Poliziak hainbat bideo banatu zizkien komunikabideei, eta egilearen emaztea Poliziaren esku jarri zuen duela bi egun, galdeketa egiteko.
Erasotzaileak ihes egiten jarraitzen du, eta Poliziak atxiloketekin dihardu haren ustezko ingurunean.