Mundua -
Hotzaldia
Zortzi lagun hil dira Italian tenperatura baxuen eraginez
Biktima gehienak kalean bizi ziren pertsonak dira, 46 eta 66 urte artekoak, alegia. Hegoaldeko kostaldean ere elurra bota du, esaterako, Sizilia uharteko hondartzetan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gutxienez zortzi lagun hil dira Italian azken 48 ordutan, herrialdea astintzen ari den hotzaldiak jota. Izan ere, oso tenperatura baxuak neurtzen ari dira, eta elurteak izaten ari dira Italiako hegoaldean ere, esaterako, Sizilia uharteko hondartzetan. Gainera, garraio sarean ere arazoak izaten ari dira.
Biktima gehienak kalean bizi ziren pertsonak dira, 46 eta 66 urte artekoak, alegia. Zero azpitik tenperaturak neurtu dira hilik aurkitu dituzten lekuetan, Florentzian, Milanen, Latinan, Messinan eta Altamuran, hain zuzen ere.
Zero azpiko tenperaturak izan dira Italia osoan, baina elurteak izan dira bereziki hegoaldean, ohikoa ez dena. Genovatik gertu dagoen mendi-zonalde batean -14,7 gradu neurtu dituzte, eta Capri uhartean, Napoles parean, zero azpiko tenperaturak ere izan dira.
Italiako penintsularen eta uharteen arteko itsas-garraioan arazoak izan dira, eta bidaia anitz bertan behera utzi behar izan dituzte, esaterako Capri eta Napoles edo Sorrento lotzen duten ferryak.