Mundua -
Hauteskundeak
Mexikok 12 gobernadore aukeratuko ditu, Narkotrafikoaren baldintzapean
Guztira 30 milioi lagunek dute bozkatzeko eskubidea eta 1.502 kargu publiko aukeratuko dituzte. Gainera, tradizio indigenak kontuan hartuz beste 418 kargu hautatuko dira.
Erredakzioa
Mexikon hauteskunde eguna dute gaur 12 estatutako gobernadoreak, alkateak eta lurralde-ordezkariak aukeratzeko. Narkotrafikoarekin lotutako indarkeriak erabat baldintzatu ditu hauteskunde hauek, orain arte inguru batzutan kokatzen zen beldurra, Mexiko osora zabaldu baita azken asteotan.
Guztira 30 milioi lagunek dute bozkatzeko eskubidea eta 1.502 kargu publiko aukeratuko dituzte. Gainera, tradizio indigenak kontuan hartuz beste 418 kargu hautatuko dira.
Herrialde hauetan izango diar hauteskundeak: Aguascalientes, Chihuahua, Durango, Hidalgo, Oaxaca, Puebla, Quintana Roo, Sinaloa, Tamaulipas, Tlaxcala, Veracruz eta Zacatecas. Gaur egun horietako bederatzi estatutan PRI alderdia da nagusi, beste bitan PAN eta azkenengoan PRD.
Astelehenean narkotrafikanteek Tamaulipas estatuan gobernadoretarako PRI alderdiko hautagaia eta zortzi laguntzaile hil zituzten egun argiz. Hilketa honek agerian utzi zuen Mexikon gauza jakina dena, narkotrafikatzaileek erabakitzen dutela leku askotan zein izango den alkate, gobernadore edo parlamentari. Gaurko hauteskundeetan 12.000 interbentorek adierazi dute ez direla hauteskunde mahaietan izango beldurra dutelako.
Mexikok bi milioi kilometro karratu eta 110 miloi biztanle ditu. Aberastasun handiak ditu, baina oso gaizki banatuta:aberatsak oso aberatsak dira eta hiritar gehienak pobreak. Azken urtetan ekonomia suspertu da, baina narkotrafikoaren indarkeriak estatua bera arriskuan jar lezake.