Mundua -

Hauteskundeak

Poloniak amaiera eman dio Kaczynski anaien aroari

Bronislaw Komorowski liberalak irabazi ditu hauteskundeak eta Poloniako hurrengo presidentea izango da. Horrenbestez, Jaroslaw Kaczynskik ezin izango du hartu Lech haren anaia bikiaren lekua.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bronislaw Komorowski liberala izango da Poloniako hurrengo presidentea, igande honetan egindako hauteskundeetan Jaroslaw Kaczynski kontsebadorearei ozta-ozta irabazi eta gero.

Hauteskundeak udazkenean egitekoak ziren, baina aurreratu egin behar izan dituzte, apirilaren 10ean Lech Kaczynski presidentea hil egin baitzen hegazkin istripuan. Ezbehar horretan beste 95 pertsona ere hil ziren; gehienak herrialdeko goi-kargudunak.

Botoen % 95 zenbatuta, Komorowskiren alde hautesleen % 52,63k egin dute, Jaroslaw Kaczynskiren alde % 47,37k.

Zenbaketaren lehen orduetan zalantza ugari sortu dira, une batean hautagai kontserbadorea liberalari nagusitu baitzitzaion. Azkenean, baina, Komorowski izan da garaile.

Herrialde hartako Hauteskunde Batzordeak zehaztu duenez, hautagai liberalak mendebaldean (inguru aberatsena) eta hiri handienetan izan du babesa batik bat, eta kontserbadoreak ekialdean eta landa eremuetan.

Hauteslekuak itxi eta gero, Kaczynskik aitortu egin zuen bere arerioaren garaipena.

Hori horrela, Jaroslaw Kaczynskik ezin izango du bete bere anaia bikiaren ametsa, agintera helduz gero haren "misioarekin jarraitu" egingo zuela promestu baitzuen.

Poloniako presidentearen agintaldia bost urtekoa da. Herrialde hartan lehen ministroak gobernatzen du, baina presidenteak beto eskubidea dauka, eta azken hitza nazioarteko itunak onartzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea