Mundua -
MH370 hegaldia
Bertan behera, 2014an desagertu zen Malaysiako hegazkinaren bilaketa
Indiako ozeanoan desagertu zen bat-batean, 239 pertsona zeramatzala. 120.000 kilometro koadro arakatu dituzte.
agentziak | erredakzioa
Malaysia, Australia eta Txinako agintariek iragarri dute bertan behera utzi dituztela 2014an Indiako ozeanoan desagertutako Malaysia Airlines konpainiako hegazkina bilatzeko lanak. Hegazkinak 239 pertsona zeramatzan desagertu zenean.
Bilaketa taldeek ezin izan dute abioiaren arrastorik topatu, Indiako ozeanoko 120.000 kilometro koadro arakatu ostean, hiru herrialde horietako agintariek ohar baten bidez adierazi dutenez.
"Egindako ahalegina gorabehera, eskura dagoen zientziarik aurreratuena eta puntako teknologia erabilita, munduko aditu onenen aholkuekin, ezin izan dugu hegazkina aurkitu, zoritxarrez", dio oharrak.
"Hortaz, MH370 hegaldiaren itsaspeko bilaketa bertan behera utzi dugu", zehaztu du Liow Tiong Lai, Hon Darren Chester eta Li Xiaopen Malaysiako, Australiako eta Txinako Garraio ministroek izenpetu duten oharrak.
"Aukera hau aprobetxatu nahi dugu, berriz ere, hildakoen memoria ohoratzeko eta haien gertukoen galera handia aitortzeko. Etorkizunean informazio berria izateko eta hegazkina topatzeko itxaropena mantentzen dugu", gaineratu dute.
Malaysia Airlinesen Boing 777 hegazkina 2014ko martxoaren 8an desagertu zen, Kuala Lumpurren aireratu eta 40 minutura, Beijingerako bidean zihoala. Norbaitek komunikazio sistemak itzali zituen orduan, eta hegazkinak norabidea aldatu zuen.
Abioian, 153 txinatar zihoazen, baita 50 malaysiar (horietako 12k tripulazioa osatzen zuten), 7 indonesiar, 6 australiar, 5 indiar, 4 frantziar, 3 estatubatuar, 2 zeelandaberritar, 2 ukrainar, 2 kanadar, 2 irandar, errusiar bat, herbeheretar bat eta taiwandar bat ere.
Orain arte, Indiako ozeanoko ur korronteek eraman dituzten hegazkinaren arrastoak baino ez dituzte topatu; Reunion uhartean, Mozambiken, Maurizion, Hegoafrikan eta Rodrigues uharte frantziarrean.