Mundua -
Erresuma Batua
Parlamentuak ‘Brexit'aren hitzarmena bozkatuko duela iragarri du Mayk
Erresuma Batuak Europar Batasuneko merkatu bakarra utzi egingo duela iragarri lehen ministroak.
Agentziak | Erredakzioa
Erresuma Batuak Europar Batasuneko merkatu bakarra utzi egingo duela iragarri du astearte honetan Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak. Agerraldi batean, ‘Brexit’aren inguruko nondik norakoak azaldu ditu, eta Parlamentuak azken hitzarmena berretsi beharko duela ziurtatu du.
Theresa Mayk azaldu duenez, Lisboako Itunaren 50. artikulua aplikatu ostean Bruselarekin bilduko da, herrialdearen irteera elkarrekin adosteko. Hala, Parlamentuak ‘Brexita’ abiatzea onartuko balu, Erresuma Batuak bi urteko epea izango luke Europar Batasuna uzteko.
Halaber, azken hilabeteotan ugaritu diren zalantza batzuk argitu ditu Mayk, eta herrialdearen irteera negoziatzeko prestatu dituen hamabi lehentasunak aurreratu ditu. Erresuma Batuko lehen ministroaren helburu nagusienetako bat, herrialdearen mugak kontrolatzea izango da, Europar Batasunetik kanpo dauden herrialdeekin akordioak negoziatu ahal izateko.
Era berean, Europar Batasuneko merkatu bakarra uztea herrialdearen beste lehentasun bat dela esan du, azken urteotan iritsi diren etorkinen kopurua mugatzeko asmoz. Dena den, Europar Batasunarekin akordio zabala bilatuko duela iragarri du.
Ildo horretatik, herrialdea Europar Batasunetik irteten denean seguruenik epe batez zergak ordaintzen jarraitu beharko duela aitortu du Erresuma Batuko lehen ministroak. Arrazoi horregatik, Brusela eta Londresen artean irteeraren nondik norakoak adosteko prest agertu da.
Etorkinei dagokienez, ez du xehetasun askorik eman nahi izan gaurko agerraldian, baina dagoeneko herrialdean bizi diren herritarren eskubideak bermatzeko akordioa lehenbailehen bilatuko duela jakinarazi du. Gainera, Europar Batasunean bizi diren herritarrak ongi etorriak izango direla ziurtatu du.
Erresuma Batura heltzen den etorkin kopurua murrizteko herrialdeak arau propioak onartuko baditu ere, prestaketa maila altua duten ikasleak eta bisitariak hartzeko besoak zabalik izango dituztela gaineratu du lehen ministroak. Beste alde batetik, terrorismoari aurre egin ahal izateko Europar Batasunarekin informazioa elkar trukatzen jarraitzeko asmoa dutela esan du.
Theresa Mayren hitzaldiaren aurrean, oposizioko alderdi politikoek irmo kritikatu dituzte bere proposamenak. Hala, Erresuma Batuak Europar Batasuneko merkatu bakarra uzteak herrialdeari ekarriko dizkion ondorio latzak azpimarratu dituzte.