Mundua -

Ameriketako Estatu Batuak

Horrela jarraitu dugu zuzenean Donald Trumpen inbestidura saioa

Donald Trump AEBko 45. presidente bilakatu da, Washingtongo Kapitolio aurrean egindako ekitaldian karguaren zina eginda.

Donald Trump Kapitolioan. Argazkia: EFE
Donald Trump Kapitolioan. Argazkia: EFE
Donald Trump AEBko 45. presidente bilakatu da

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

18:45 | Amaitutzat ematen dugu inbestidura saioaren zuzeneko kontakizuna. Hemen duzue Donald Trumpen kargu-hartze ekitaldiaren kronika, hala nahi izanez gero. Eskerrik asko!

18:31 | Donald Trump hauteskunde-kanpainan erabili zuen esaldiarekin amaitu du AEBko presidente berri gisa eman duen lehen hitzaldian: "Elkarrekin, Estatu Batuak handi egingo dugu berriro".

18:29 | Trump: "Hitz hutsen garaia amaitu da; ez dugu hitzetatik ekintzetara pasatzen ez den politikaririk onartuko".

18:27 | Trump: "Beltza, marroia edo zuria izan, estatubatuarrok odol gorri bera konpartitzen dugu".

18:25 | Trump: "Gainerako herrialdeen adiskidetasuna bilatuko dut, baina beti estatubatuarren helburuak lehenetsita".

18:23 | Trump: "Mundu zibilizatua terrorismo islamiarraren kontra batuko dut eta erabat desagerraraztea lortuko dut".

18:21 | Trump: "Ahalegin berezia egingo dut herrialdea berreraikitzeko eta horrek Estatu Batuen eta munduaren norabidean eragina izango du urte askoan".

18:19 | Trump: "Beste herrialde batzuen mugak defendatu ditugu, gurea babesteari utzita; Estatu Batuei handitasuna bueltatzeko garaia da".

18: 16 | Donald Trumpek ondokoa esan die bere jarraitzaileei: "Hau zuen unea da, zuek ekarri nauzuen ona".

18:13 | "Nazio bakarra gara. Bihotz eta etxe bera konpartitzen dugu, baita etorkizun loriatsua ere", azpimarratu du Trumpek.

18:09 | Donald Trump: "Gaurtik aurrera herria izango da herrialde honetako agintaria eta ahaztuek ahaztu izateari utziko diote".

18:07 | Estatu Batuetako presidente gisa egin duen lehen diskurtsoan, Donald Trumek esan du gaurkoan ez dela boterea "alderdi batetik bestera" igarotzen; "gaur boterea Washingtonetik herrira igaro da", nabarmendu du.

17:59 | Donald Trumpek AEBko presidente kargua hartu du, Kapitolio aurrean egindako inbestidura ekitaldian.

"Nik, Donald John Trumpek, zin egiten dut leialtasunez beteko dudala Estatu Batuetako presidente kargua, eta, nire ahalmena agortu arte, Estatu Batuetako Konstituzioa defendatu eta babestuko dut", promestu du kargua hartzerakoan.

17:39 | Mike Pence AEBko presidenteorde bilakatu da, Clarence Thomas Auzitegi Goreneko epailearen aurrean eta Ronald Reagan presidente ohiaren familiaren bibliaren gainean zin eginda.

17:17 | Donald Trump eta Barack Obama iritsita, hasi da Kapitolioan Trumpek datozen lau urteotarako AEBko presidente kargua hartzeko ekitaldia.

16:55 | Donald eta Melania Trump abiatu dira Etxe Zuritik Kapitoliora, Barack eta Michelle Obamak lagunduta.

16:35 | Agintarien aurreikuspenaren arabera, 900.000 pertsona inguru bilduko dira Kapitolioaren aurrean, Trumpen kargu-hartze ekitaldia eta Etxe Zuritik egingo duen ibilaldia bertarik bertara ikusteko.

16:20 | Istiluak izan dira Donald Trumpen kontra dauden manifestarien eta Poliziaren artean, Washingtonen. Ekitaldia ikustera bertaratu diren Trumpen jarraitzaileei sarrera galarazten saiatu direnean sortu dira liskarrak.

16:00 | Barack eta Michelle Obamak Donald eta Melania Trump hartu dituzte Etxe Zurian, presidente kargua zin egin aurretik protokoloak agintzen duen moduan.

15:45 | Donald Trumpek ondoko mezua idatzi du bere Twitter kontuan: "Gaur hasiko da guztia! Goizeko 11:00etan ikusiko dugu elkar, kargua zin egitean. Mugimenduak jarraitzen du. Lana hastera doa!".

 

 

15:30 | Donald Trumpek AEBko presidente kargua hartuko du gaur. Inbestidura-saioa hasi baino ordu batzuk lehenago, Etxe Zuritik hurbil dagoen eliza batera joan da. Emaztea, familia, Mike Pence presidenteordea eta bere kabineteko kideak berarekin izan dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Ameriketako Estatu Batuak argazkiak Hauteskundeak AEB albisteak Eguneko albisteak Donald Trump albisteak