Mundua -

Elur-jausia

Italia 23 pertsonaren bila ari da elurpean geratu zen hotelean

Hamaika dira orain arte bizirik iraun dutenen kopurua, horien artean elurpetik atera eta hasierako uneetan gertatutakoaren berri eman zuten bi gizonezko.

Italia
Italia
Italia

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pescarako (Italia erdialdea) Gobernu ordezkaritzak larunbat honetan zabaldu dituen azken datuen arabera, guztira 23 pertsona daude oraindik desagertuta ostegun goizaldean elurpean estalita geratu zen Farindolako Rigopiano hotelean (Abruzzo eskualdea, Italia).

Gaur goizaldean suhiltzaileek jakinarazi dute beste lau pertsona erreskatatu dituztela. Horrenbestez, hamaika dira orain arte bizirik iraun dutenen kopurua, horien artean elurpetik atera eta hasierako uneetan gertatutakoaren berri eman zuten bi gizonezko.

Erreskatatutako gainerakoak hiru emakume, bi gizonezko eta lau ume dira, eta Pescaran daude ospitaleratuta. Rossano di Luzio mediku-zuzendariak azaldu duenez, denak daude onik, eta adineko bati besterik ez diote ebakuntza egin behar izan, besoan, hain zuzen ere.

Gobernu Ordezkaritzak baieztatutakoaren arabera, 23 pertsona daude desagertuta, orain arte; aitzitik, zerrenda hori "ez da behin betikoa, eta aldatu egin daiteke". Aldi berean, bost dira berreskuratu dituzten hilotzak: hiru gizonezko eta bi emakumerenak, eta horietako bi besterik ezin izan dituzte identifikatu. Batak zein besteak hotelean egiten zuten lan zerbitzari gisa.

Denborak aurrera egiten duen heinean, bizi-itxaropenak gutxiagotu egiten diren arren, erreskate taldeetako kideak elur eta harkaitz azpian lurperatuta dagoen hotel barrutik etor daitekeen edozein zarata edo zentzuren bila.

Horretarako, trebatutako txakurrak, zunda bereziak eta sakelako telefonoen seinaleak antzeman ditzakeen Polizia Zientifikoaren tresna bat erabiltzen ari dira.

Tresna horrek erreskate taldeei zehazki non zulatu behar duten jakitea ahalbidetu die, eta modu horretan pertsona bat erreskatatu eta hiru gorpu aurkitu ahal izan dituzte.

Bitartean, Pescarako Fiskaltzak ikerketa bat abiatu du larrialdietarako zerbitzuen erreakzioa argitze aldera, elur-jausiaren berri eman zuen gizonezkoak kritikatu egin baitzuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Eguneko albisteak Hondamendi naturalak albisteak Gaurko azken ordukoa Italia Lurrikarak Turismo-ostatuak Euskadi Hondamendi naturalek kaltetutakoak