Mundua -

Abruzzo, Italia

Bukatu da Rigopiano hoteleko operazioa: 29 hildako; 11 lagun bizirik

Elur-jausi batek hotela elurpean utzi eta astebetera, erreskate taldeek operazioa bukatu dute jada, zorigaiztoko balantzea utzita. Orain, arduragabekeriarik egon ote zen argitu nahi du Fiskaltzak.

150 pertsona baino gehiago aritu dira bertan bilaketa eta erreskate operazioan. Argazkia: EFE
150 pertsona baino gehiago aritu dira bertan bilaketa eta erreskate operazioan. Argazkia: EFE
150 pertsona baino gehiago aritu dira bertan bilaketa eta erreskate operazioan. Argazkia: EFE

I.G. | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Italiako erreskate taldeek bukatu egin dute jada aurreko asteko asteazkenean abiarazitako operazioa, elur-jausi handi batek Farindola (Abruzzo eskualdea) herrian dagoen Rigopiano hotela harrapatu eta gero, 40 pertsona zeudela.

Behin betiko balantzea, alabaina, zoritxarrekoa da: 29 hilotz atera dituzte eraikinetik eta 11 pertsonak bizirik irtetea lortu dute (horietako 2 instalazioetatik kanpo zeuden une horretan,  baina gertu).

Zehatz-mehatz, 15 gizonezko eta 14 emakumezko hil dira ezbeharrean, baina, momentura arte, 20 pertsona baino ez dituzte identifikatu, Italiako zenbait hedabidek adierazten dutenez.

Bizirik irtetea lortu duten 11 pertsonetatik bik prentsaurrekoa eman zuten atzo, asteazkena, eta, azaldu zutenez, inork ez zien ohartarazi "elur-jausia izateko arriskuaz". Gainera, baieztatu zuten ostatu hartuta zeuden guztiak "ikaratuta" egon zirela eraikineko "atarian, elurra kentzeko makina noiz etorriko zain", alde egin ahal izateko.

"Lurrikarak izan zirenean, denok izutu ginen eta, ondoren, atarian bat egin genuen elurra kentzeko makinaren zain", esan zuen bietako batek. "Inork ez zigun ohartarazi elausoa izateko arriskuaz, lurrikara indartsua zela uste genuen", gaineratu zuen.

Bikoteak 50 ordu baino gehiago eman zuen harrapatuta, ostiralean erreskate taldeek erreskatatu zituzten arte.

Orain, Fiskaltza gertatutakoa ikertzen ari da, larrialdi egoeraren aurrean agintariek emandako erantzuna argitzeko, zabaldu baita hotelaren zuzendariak mail bat bidali zuela asteazken arratsalde-iluntzean laguntza eske, eta zenbait ordutan ez zioten kasurik egin. Gainera, elurra kendu behar zuen makinak "bost hilabete matxuratuta" zeraman, ordezkari politiko batzuek salatu zutenez. Halaber, 100.000 lagun baino gehiago argindarrik gabe egon dira 3-4 egunez.

Luxuzko hotela elurpean utzi zuen elur-jausia aurreko asteazkenean (hilak 18) Italiako erdigunea astindu zuten lurrikarek eragin zuten. 24 ordu baino gutxiagoan, Richter eskalan 5 graduko indarra hartu zuten lau sismo izan ziren.

Gurutze Gorriko kide batzuk atzo, hildako baten hiletan. Foto: EFE

Gurutze Gorriko kide batzuk atzo, hildako baten hiletan. Foto: EFE

Gurutze Gorriko kide batzuk atzo, hildako baten hiletan. Foto: EFE

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Hondamendi naturalak Gaurko azken orduko albistea Italiako albisteak Lurrikarak gaur Turismo-ostatuak Euskadi Hondamendi naturalek kaltetutakoak Elur-jausiak