Mundua -

Erasoa Parisen

Hollandek dio Louvre museoko erasoa ekintza terrorista izan dela

Frantziako Gobernuak aitortu du une honetan poliziak nahiz militarrak "terroristen jomugan" daudela.

François Hollande Frantziako presidentea. Argazkia: EFE
François Hollande Frantziako presidentea. Argazkia: EFE
François Hollande Frantziako presidentea. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

François Hollandek esan du ostiral honetan Parisko Louvre museoan militar baten aurka egindako erasoa "ekintza terrorista" izan dela, gertakaria ikertzea justiziari badagokio ere.

"Militarren erantzunak ekintza terrorista bat saihestu du, ez dago zalantzarik", azpimarratu du Frantziako presidenteak Maltako goi-bileran egin duen agerraldian.

"Mehatxuak ez du etenik eta aurre egin behar diogu; horregatik mobilizatu ditugu poliziak eta militarrak, eta aurrerantzean ere hala jarraituko dugu", erantsi du.

Erasoa gauzatzea saihestu duten militarren "balentria eta determinazioa" txalotu ditu eta Frantziako Armadak abiarazitako terrorismoaren kontrako misioa "eraginkorra" dela azpimarratu du. "Herritarrak toki publikoetan babesten ari dira", gaineratu du.

Aurretik, Bruno le Roux Barne ministroa eta Jean-Yves le Drian Defentsa ministroa Louvre museoan izan dira eta aitortu dute poliziak eta militarrak "terroristen jomuga" direla une honetan.

"Segurtasunerako indarrak oso zuhur ibili behar dira, terrorista batentzat uniformea darama oro helburu bat izan daitekeelako", ohartarazi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea