Mundua -

AEB

Baztertu dute migrazio betoa baliogabetzearen aurkako apelazioa

AEBko Justizia Departamentuak apelazioa aurkeztu zuen larunbatean, Seattleko James Robart epaile federalak Trumpen dekretua berehala baliogabetzeko hartutako erabakia bertan behera uzteko.

Donald Trupmen artxiboko argazkia: EiTB
Donald Trupmen artxiboko argazkia: EiTB
Donald Trupmen artxiboko argazkia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Apelazioetarako epaitegi federal batek bertan behera utzi du Gobernu estatubatuarrak Donald Trump AEBko presidentearen migrazio betoa baliogabetzearen aurka jarritako helegitea.

AEBko Justizia Departamentuak helegitea jarri zuen larunbatean, Seattleko James Robart epaile federalak Trumpen agindua berehala baliogabetzeko hartutako  erabakia bertan behera uzteko, CNN telebista-kateak azaldu duenez.

Dena den, Buzzfeed News hedabideak argitaratutako agiriaren arabera, epaitegiak segituan baztertu egin du helegitea.

"Agindua indarrean mantentzeko eskaria ukatu dugu", dio oharrak. Hori dela eta, migrazio betoak bertan behera jarraituko du igandean, behin-betiko erabaki baten zain.

Justizia Departamentuari dagokio orain Apelazioetarako epaitegiak emandako epaiari erantzutea, baina hori ez da, gutxienez, astelehen arratsaldera arte gertatuko.

Beraz, amaitu da oraingoz Etxe Zuriaren eta AEBko epaileen arteko liskarra, mundu osoan kritika ugari jaso dituen betoaren baliotasunaren inguruan. Alderdi demokrataz gain, alderdi errepublikarreko zenbait kideren kritikak ere jaso ditu.

Trumpek, bere aldetik, epaileekin duen gatazka areagotu du Twitterren egindako adierazpenekin. AEBko presidentearen iritziz, agindua debekatzea terrorismoaren aurkako neurrien kontrako erasoa da. Horrez gain, Robart epailearen prestakuntza ere zalantzan jarri du:

"Legezko baliabide guztiak"

Trumpen presidente ordeak kritika horiek zuritzen saiatu da gaur. Horrela, esan du epaileak baduela "noski" auziaren gainean iritzia emateko autoritatea, baina etsigarritzat jo du kanpo politika eta segurtasunari buruz presidenteak hartutako erabakien tartean sartzea. Horrez gain, epaileak "okerreko erabakia hartu" zuela, eta betoaren baliogabetzea indarrik gabe uzteko "eskura dauden legezko baliabide guztiak" erabiliko dituztela ohartarazi du.

Aldi berean, NBC News telebista kateari emandako elkarrizketa batean, baieztatu duenez, "AEBko presidenteak Gobernuko beste bi adarrak kritikatzeko eskubide osoa dauka. Hori egiteko usadio handia daukagu gure herrialdean".

Aldiz, Mitch McConnell Senatuko errepublikarren buruak, CNN kateari egindako adierazpenetan esan du hobe dela epaileenganako "zuzeneko kritika saihestea", nahiz eta "atsekabe" handia eragin.

Bitartean, migrante eta errefuxiatu askok Trunpen dekretua bertan behera geratu dela aprobetxatu dute AEBra heldu eta bertan sartzeko, Estatu Departamentuak aurreko astean atzera bota zituen 60.000 bisetatik gehiengoari oniritzia eman ostean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Ameriketako Estatu Batuak bideoak Gaurko azken ordukoa Donald Trump