Mundua -

Frantzia iparraldean

Leherketa bat izan da Frantziako zentral nuklear batean

Suhiltzaileek adierazi dutenez, sute bat eragin duen eztanda bat gertatu da Flamanville zentralean, baina gune nuklearretik kanpo.

Flamanvilleko zentral nuklearra (Frantzia iparraldean). Argazkia: Reuters.
Flamanvilleko zentral nuklearra (Frantzia iparraldean). Argazkia: Reuters.
Isuri erradiaktiborik ez da izan Flamanvilleko zentral nuklearrean

1:17

Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantzia iparraldean, Normandia Beherea eskualdean, dagoen Flamanville zentral nuklearrean eztanda bat izan da gaur, 10:00etan, Ouest-France tokiko egunkariak kaleratu duenez. Zentrala EDF enpresa elektrikoarena da, eta enpresak berak baieztatu du gertatutakoa.

EDFk adierazi duenez, sutea piztu da Flamanvilleko 1. erreaktorean, eta horren eraginez eztanda izan da gune nuklearretik kanpo. Reuters agentziak zabaldu duenaren arabera, itzali egin behar izan dute 1.300 megawatteko erreaktorea.

"Gune nuklearretik at izan den Flamanville 1eko sutea kontrolpean. Ez da biktimarik izan, ezta ingurumenerako arriskurik ere", zehaztu du konpainiak Twitter bidez bere kontu ofizialean.

Larrialdi taldeak bertaratu dira, baina Ouest-France egunkariak jaso duenez, prefekturako iturriak aipatuta, ez da larrialdi planik martxan jarri, ez baitago arrisku nuklearrik. Dena dela, zentralak dituen hiru erreaktoreetako bat itzali dute.

"Gertaera tekniko esanguratsua izan da, baina ez da istripu nuklear bat", leherketa "gune nuklearretik kanpo" gertatu baita, azaldu dio egunkariari Olivier Marmion prefetaren kabineteko zuzendariak. "Bost pertsona arin toxikatu dira, baina ez daude zaurituta", zehaztu du.

Bere aldetik, Jacques Witkowski Mancheko prefetak BFM TV kateari egindako adierazpenen arabera, "ez da izan garrak izan dituen sute bat, ke asko eragin duena baizik; izan ere, estalki elektriko batek su hartzen duenean, ke asko sortzen du".

Witkowskiren esanetan, "leherketa bat baino gehiago, instalazio elektriko bat gehiegi berotzeagatik gertatu den eztanda bat izan da". Gertaera, baina, "bukatuta" dagoela nabarmendu du behin baino gehiagotan.

Horrez gain, arazoa zerk eragin duen argitzeko ikerketa tekniko bat abiatu dutela azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Paris azken albisteak Frantzia argazkiak Gaurko azken ordukoa