Mundua -
Montpellier
Lau lagun atxilotu dituzte Frantzian atentatu bat prestatzea egotzita
16 urteko neska bat eta hiru gizon dira; horietako bat, 20 urtekoa. Azken horren etxebizitzan, lehergaia topatu dute, erabiltzeko prest.
agentziak | erredakzioa
Lau pertsona atxilotu dituzte gaur, ostirala, Montpellier aldean, Frantziako hegoaldean, atentatu suizida bat prestatu dutelakoan, Eferi epaitegietako iturriek adierazi diotenez.
16 urteko neska bat eta hiru gizon dira; horietako bat, 20 urtekoa. Azken horren etxebizitzan, lehergaia topatu dute, erabiltzeko prest.
Bruono Le Roux Frantziako Barne ministroak baieztatu duenez, miaketetako batean lehergaia topatu dute, erabiltzeko moduan.
Operazioa goizeko lehen orduan egin dute, Montpellier inguruan dauden hainbat herritan.
Zehatz-mehatz, terrorismoaren aurkako brigadak 70 gramo TATP (lehergai indartsua) aurkitu dituzte, baita litro bat azetona, litro bat ur oxigenatu eta litro bat azido sulfuriko ere; hain zuzen ere, lehergaia egiteko erabiltzen diren osagaiak.
Frantziako ikertzaileen arabera, gaztea atentatu suizida bat egiteko prest zegoen, baina oraindik ezin izan dute zehaztu non eta noiz egiteko asmoa zuen.
Usteko terrorista horren bikotekidea da atxilotutako gaztea, eta, antza, Siriara joan nahi zuen.
Atxilotuak 90 ordu egon litezke Poliziaren esku, epailearen aurrera eraman aurretik.