Mundua -
Merkataritza libreko ituna
Europako Parlamentuak EBren eta Kanadaren arteko CETA ituna onartu du
Parlamentuek berretsi beharko dute orain merkataritza libreko ituna.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Europako Parlamentuak Europako Batasunaren eta Kanadaren arteko merkataritza libreko CETA ituna onartu du gaur.
Akordioak Parlamentuaren babes zabala jaso du; izan ere, 408 europarlamentarik alde bozkatu dute, 253 europarlamentarik kontra eta 33 abstenitu egin dira.
Europako Alderdi Popularrak, kontserbadore eta erreformistek eta ALDEkoek (Europaren Aldeko Demokrata eta Liberalen Aliantza) babestu dute ituna. Sozialdemokratak, berriz, ez dira ados jarri; Espainiako sozialistek, esaterako, alde bozkatu dute, baina kontrako botoa nagusitu da Berdeen, Ezker Bateratuaren eta alderdi euroeszeptikoen artean.
CETA itunaren helburu nagusiak Europar Batasunaren eta Kanadaren arteko muga-zergak desagertzea eta ondasunen eta zerbitzuen merkataritza trukea erraztea dira.
Europar Batasuna eta Kanada 2009. urtean hasi ziren merkataritza libreko ituna negoziatzen. Gaur Europako Parlamentuaren babesa jaso ondoren, Parlamentuek berretsi beharko dute orain.