Mundua -

Frantzia

Istiluak Parisen, polizia-indarkeriaren aurkako protesta baten ostean

Manifestazioa duela bi aste gazte batek polizia-kontrol batean jasan zuen bortxaketaren aurka protestatzeko zegoen deituta.

Pariseko istiluak. Argazkia: EFE
Pariseko istiluak. Argazkia: EFE
Istiluak Parisen polizia-indarkeriaren aurkako protesta batean

0:54

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Polizia-indarkeriaren ikur bihurtu den Theo gaztearen aldeko manifestazioa egin dute gaur Parisen, eta hura amaitu ostean istiluak izan dira polizia eta zenbait manifestariren artean.

Protestak 2.300 pertsona inguru bildu ditu, SOS Arrazakeria Gobernuz Kanpoko Erakundeak deituta.

Poliziaren bertsioaren arabera, manifestazio nagusitik kanpotik atera den manifestari talde batek istiluak eragin ditu poliziei gauzak botatzen hasi dienean. Polizak gas negar-eragilea jaurtiz erantzun die.

Gutxienez bi polizia arin zauritu dira, eta, Frantziako hedabideen arabera, gutxienez hamar pertsona atxilotu dituzte.

Pariseko manifestazioaz gain, beste hiri batzuetan ere protestak izan dira: Niza, Poitiers, Montpellier edota Dijonen.

Gaur izandako manifestazioak duela bi aste 22 urteko Theo gazteak Aulnay-sous-Bois Parisko auzoan egindako polizia-kontrol batean jasan zuen bortxaketaren aurka protestatzeko deituta zeuden. Gazteak salatu duenez, bizkarrez atxilotuta zuten bitartean, agenteetako batek borra sartu zion ipurdian. François Hollande Frantziako presidentea bera ospitalera hurbildu zen Theo bisitatzera.

Eraso horretan nahasirik dauden lau polizia-agenteak indarkeria erabiltzeagatik daude inputatu, eta horietako bat baita bortxaketagatik ere.

Auziaren inguruan plazaratutako polizia-txostenak onartu egiten du atxiloketa indarkeriaz egin zela, baina ospitaleratzea beharra eragin zion borraz egindako bortxaketa "ausazkoa" izan zela dio, "indarkeriaz eta borondatearen aurka" gertatutako atxiloketa batean zehar.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Zer gertatu da Parisen? Gaurko azken ordukoa