Mundua -
Sonaliako hiriburuan
Gutxienez 39 hildako azoka batean kamioi-bonba batek eztanda eginda
Lekukoen arabera, hildakoen artean haurrak eta gutxienez 10 emakumezko daude. Eztandaren ondorioz, hainbat eraikin erori eta zenbait sute piztu dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gutxienez 39 lagun hil eta beste 50 bat zauritu dira igande honetan Somaliako hiriburuan (Muqdisho), jendez gainezka zegoen azoka batean kamioi-bonba bat zartarazita, Somaliako Gobernuko bozeramaile batek baieztatu duenez.
Kawo-Godeyko azokan jazo da atentatua, Wadajir auzoan, Mustaqbar irrati-kateak zabaldutako hasierako informazioen arabera. Lekukoen arabera, hildakoen artean haurrak eta gutxienez 10 emakumezko daude. Eztandaren ondorioz, hainbat eraikin erori eta zenbait sute piztu dira.
Dena dela, Ahmed Abdulle Afrah Wadajir barrutiaren komisarioak adierazi duenez, litekeena da atentatuaren helburua ez izatea azoka bera, gertuko hotelak eta Gobernu-egoitzak baizik.
Momentuz inork ez du atentatuaren egiletza bere gain hartu, baina Al Shabaab talde terroristari hartu diote susmoa, Somaliako Gobernu berriaren aurkako operazioei eutsiko ziela hitzeman zuelako duela astebete.