Mundua -
Erresuma Batua
Trumpen bisitari eutsi dio Mayk, ia 2 milioi sinadura gorabehera
Gobernuaren arabera, Estatu mailako bisitak "Erresuma Batuaren diplomaziaren tresnarik garrantzitsuena dira"; hori dela eta, Trumpen bisita egin egingo dute, aurreikusita zegoen moduan.
agentziak | erredakzioa
Gobernu britainiarrak defendatu egin du astelehenean Donald Trump presidente estatubatuarrak Erresuma Batuan egingo duen bisita, Elisabet II.a erreginarekin duen hitzordua barne, nahiz eta herritar ugari aurka azaldu diren eta astelehenean Parlamentu aurrean protesta handiak egin dituzten.
Ehunka manifestari bildu dira Westminsterren aurrean, Trumpen aurkako protesta batean, Elisabet II.ak Trumpi harrera egin behar ote dion eztabaidatzen zuen bitartean, hain justu.
Erresuma Batuko Gobernuak Trump gonbidatu zuen aurreko urtean, hauteskunde estatubatuarrak irabazi eta gero, baina Parlamentu britainiarrari aurkeztutako eskari publiko batek 1,8 milioi sinadura bildu zituen, Trumpen bisita Estatu mailakoa ez izateko, presidente estatubatuarrari harrera egiteak erregina "lotsatu" egingo zuelako.
Hango legediaren arabera, Gobernua behartuta dago eskari publiko bat aztertzera, 10.000 sinadura baino gehiago biltzen baditu; eta 100.000 sinadurak gaindituz gero, Parlamentuan eztabaidatu behar dute.
May, Trumpi orain dela aste batzuk egindako bisitan. Argazkia: EiTB
Gobernuak, halere, emandako erantzunean, ez du eskaria onartu. "Ameriketako Estatu Batuak munduan zeregin handia duela aintzat hartuta, uste dugu beharrezkoa dela gure eskura dauden baliabide guztiez baliatzea, Trumpekin zubiak eraikitzeko", azaldu du Alan Duncan Kanpo Arazoetarako ministro ohiak.
Duncanen arabera, Estatu mailako bisitak "Erresuma Batuaren diplomaziaren tresnarik garrantzitsuena dira"; hori dela eta, Trumpen bisita egin egingo dute, aurreikusita zegoen moduan.
Halere, oposizioak bereak eta bi esan ditu Trumpen bisitaren harian. "Arrazista eta sexista", "ume handiustea" eta "ezjakintasun zientifikoaren barrentasun", besteak beste, deitu diote oposizioko alderdiek.