Mundua -
AEB
Dimititu du Yannopoulosek Breitbarten, pederastia defendatu ostean
Aldizkaria nagusitasun zuria defendatzen duten talde estatubatuarrentzat erreferente da, eta Seteve Bannonek zuzendu zuen garai batean, alegia, egun Trumpen aholkulari denak.
agentziak | erredakzioa
Milo Yiannopoulos Breitbart aldizkariko Teknologia arduradunak dimisioa eman du, AEBko Kontserbadoreen Batasunak (UCA) hitzaldi batean parte hartzeko luzatu zion gonbidapena kendu eta gero, egindako adierazpen batzuetan pederastia defendatu zuelako. Aldizkaria erreferente da nagusitasun zuria defendatzen duten talde estatubatuarrentzat.
Astelehenean, Ekintza Politiko Kontserbadorea Konferentziaren antolatzaileek gonbidapena kendu zioten Yiannopoulosi, azken horrek egindako adierazpenak gaitzetsi eta gero. Hurrengo egunean, editoreak dimisioa iragarri du prentsaurreko batean.
"Breitbart Newsek babestu nau beste batzuek etsi zutenean. Nire ideia kontserbadore eta libertarioak defendatzen utzi naute zenbait komunitatetan eta, hala izan ez balitz, ezin izango ninduten entzun. Garrantzitsuak izan dira nire arrakastan, eta esker onak eman nahi dizkiet askatasuna emateagatik eta hemen egin ditudan lagunengatik", esan du.
"Oker ibiliko nintzateke nire hitzen aukeraketa ez egokiak -pederastiaren inguruan esandakoak- nire lankideen lan informatibo garrantzitsua kaltetuko balu, beraz, gaur dimisioa aurkeztu dut Breitbarten, eta horren eragina berehalakoa izango da", gaineratu duenez.
Breitbart aldizkariaren gaineko ika-mikaren iturria Seteve Bannonen izendapena izan zen. Donald Trump AEBko presidenteak aholkulari nagusi izendatu zuen, kargua hartu eta gutxira.
Yiannopoulosek ere, bere aldetik, eragin du polemika handia zabaldutako bideo batzuengatik. Horietan, txantxetan aritu zen nerabezaroan apaiz katoliko batekin izandako sexu-harreman baten inguruan, eta egindako adierazpenetan, askok ulertu zuten pertsona helduen eta adingabeen arteko sexu-harremanen aldekoa dela.
Yiannopoulosek 33 urteko ditu eta britainiarra da. Facebooken, polemika sortu ostean, ziurtatu egin zuen ez duela pedofilia babesten eta "krimen nazkagarri eta makurra" dela esan zuen, "baliteke okerrena izatea".