Mundua -
Liburu Zuria
EBren etorkizuna erabakitzeko bost proposamen aurkeztu dituzte
Europar Batasuna osatzen duten herrialdeen arteko harremanak arautzeko bost proposamen egin dizkie Europako Batzordeak.
Agentziak | Erredakzioa
Europar Batasunaren etorkizuna erabakitzeko bost proposamen egin dizkie asteazken honetan Europako Batzordeak (EB) herrialdeei. Erresuma Batua irteten denean, 27 herrialdek osatuko dute Europar Batasuna, eta etorkizunari begira aukera ezberdinak egin ditu Batzordeak. Proposamen horien artean, benetako batasun politikoa eta ekonomikoa edo bakarrik merkatu bakarra aztertzen dira. Bruselak Europako herritarrei eman nahi diete hitza.
Europako etorkizunari buruzko liburu zuria asteazken honetan aurkeztu dute, eta orain eztabaidarako tartea ireki dute. Halaber, martxoaren 25ean Europar Batasuneko herrialdeek goi-bilera egingo dute Erroman, 60. urteurrena ospatzeko.
Jean-Claude Juncker Europar Batzordeko presidenteak egungo Batasunaren nondik norakoak aztertu behar direla azpimarratu du. Langabeziari aurre egiteko politikei dagokienez, esaterako, herrialdeek erabakiak hartzeko eskuduntza dutela azaldu du, eta esparru horretan Europar Batasunak ezin duela erabakirik hartu gaineratu du.
Europar Batasunaren etorkizuna aztertzen duen dokumentu horren lehen aukerak ez du aldaketarik proposatzen, hau da, orain arte bezala jarraitzea aurreikusten du. Bigarrenak, berriz, merkatu bakarrera mugatzea proposatzen du. Hirugarren proposamenak aukera zabalagoa eskaintzen du defentsa, segurtasun edota gizarte arloetan harremanak indartu nahi dituzten herrialdeekin garapena.
Laugarren aukerak gauza gutxiago egitea proposatzen du, baina modu eraginkorrago batean. Azkenik, herrialdeen arteko harremanak nabarmen handitzea proposatzen du.