Mundua -
Kubako disidenteak, Espainian
Kubako preso ohiak: 'Espainian ez gara aske sentitzen'
Uhartetik atera nahi ez direnak berehala aske usteko eskatu diote Castrori.
Redacción
Espainian erbesteratutako preso kubatarren hitzetan, oraindik ez dira aske sentitzen; izan ere, "linbo judizial" batean daude, kartzelara bueltatuko ez direla ziurtatzen duen paper bat ere gabe. Gainera, espetxetik atera izana "ez da baldintza nahikoa Europar Batasunak Kubarekin duen politika leuntzeko", azaldu dute disidenteek.
Madrilen egindako prentsaurreko handi batean, espetxetik ateratako sei disidentek esan dute Kubara itzultzeko baimenik ez dutela inoiz eskatuko, eta uhartetik atera nahi ez diren gainerako preso politikoak berehala aske usteko eskatu diote Raul Castrori. Horrela, Kubako Gobernuaren aldaketarako borondatea erakutsiko lukete.
"Aberrira itzultzeko baimena eskatu behar badugu, askeak ez garela esan nahi du; ez gara inmigranteak, errefuxiatuak gara. Jazarpen politikoa pairatzen jarraitzen dut", aitortu du Julio Cesar Galvezek.
Beste bi disidente heldu dira Espainiara
Kubako Gobernuak askatutako beste bi disidente eta bere sinideak heldu dira gaur Madrilgo Barajas aireportura. Guztira, 23 lagun heldu dira atzo Habanatik ateratako disidenteekin.
Castroren erregimenak 11 preso politiko askatu ditu joan den uztailaren 7an 52 disidente askatuko dituela iragarri zuenetik. Disidente hauek guztiak, intelektualak, kazetariak eta erregimenaren aurkariak, 2003ko udaberriko errepresioan atxilotu zituzten.
Kartzelen egoerari buruzko salaketa
"Kafkak ez luke okerragorik idatziko"; horrela laburbildu du Ricardo Gonzalezek Kubako kartzelen egoera, bertan zazpi urte preso egon eta gero.
"Arratoiekin, labezomorroekin eta eskorpioiekin elkarrekin bizi ginen; egia esango dizuet: kakekin bizi ginen, jaunak, gorotzarekin. Ez da gezurra", azaldu du Julio Cesar Galvezek, 15 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten 63 urteko kazetariak.