Mundua -

Negoziaketa luzeen ostean

Finantza-erreforma onartu du AEBetako Senatuak

2.300 orrialdeko testuak aldeko 60 boto izatea lortu dute demokratek. 39 errepublikanok, ostera, erreformaren aurka bozkatu dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AEBetako Senatuak finantza sektorearen erreforma onartu du gaur hilabeteetan zehar negoziatzen izan ostean. 30eko hamarkadatik egin den erreformarik asmo handikoena da eta bankuen funtzionamendua aldatuko du.

2.300 orrialdeko testuak aldeko 60 boto izatea lortu dute demokratek. 39 errepublikanok, ostera, erreformaren aurka bozkatu dute.

Datorren astean testua Barack Obama presidentearen bulegora bidaliko dute, bertan sinatzeko. Honebestez, arrakasta politiko berri bat lortu du Obamak, baliteke azaroko hauteskundeak baino lehen azkena izatea.

Prozesu luzea

Gaurko bozketarekin prozesu luze eta zaila amaitutzat jo dute. Wall Streeteko banketxeek presio handia egin dute araudia leundu nahian eta errepublikanoek borroka egin dute, finantza sektorean erakunde publikoen esku-hartzea ahalik eta txikiena izateko.

Duela zenbait hilabete hasitako negoziaketa prozesuan, AEBetako Kongresuak zenbait bertsio eztabaidatu ditu, baina gaur Senatuak onartutakoak bi ganberen adostasuna du.

Hala ere, Obamak sinatzen duenean, erreformaren lana ez da amaiturik egongo, izan ere, legea 533 araudirekin garatu beharko dute.

Deribatuei araudi bat ezartzen die legeak aurrenekoz. Oso merkatu konplexuak dira eta finantza-krisiaren oinarrian egon ziren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea