Mundua -
Afganistango Biltzarra
Karzaik garapenerako fondoen erdia kontrolpean izango du
Horrez gain, Afganistan bere segurtasunaren ardura hartzen hasiko da urte bukaeran. Probintzietan egiten diren operazio militarrak ere bere gain izango ditu 2014 urtearen amaierarako.
Erredakzioa
Horrez gain, Afganistan bere segurtasunaren ardura hartzen hasiko da urte bukaeran. Probintzietan egiten diren operazio militarrak ere bere gain izango ditu 2014 urtearen amaierarako.
Kabuleko Biltzarran nazioarteko ordezkariek adostutakoari esker, Afganistango gobernuak garapenerako jasotzen dituen laguntzen %50 kudeatuko du bi urteren epean. Erabaki honek Hamid Karzai presidenteak zentzu horretan egindako eskakizun bati erantzuten dio.
Bilera bukatu osteko komunikatuan, bildutako 70 herrialde ezberdinetako ordezkariek "Afganistango gobernuak bi urteren epean garapenerako fondoen %50 kudeatzeko proposamenari babes osoa" ematen diote.
Datozen hiru urteetan, Karzairen herrialdeak 10 mila milioi euro jasoko ditu, eta diruaren kudeaketak izan dituen kritiken ondorioz, laguntza horien gainean kontrol handiagoa izatea eskatu du Hamid Karzai presidenteak.
Segurtasuna eta operazio militarren kontrola
Afganistango segurtasun indarrek herrialdeko hainbat lurralderen segurtasuna bere ardurapean hartzen hasi beharko dute urte honen bukaeran bertan. Hala diote Afganistaneko egoeraren inguruan egindako nazioarteko biltzarraren azkeneko ondorioek. Horrez gain, 2014 urtearen amaierarako bertako probintzia guztietan egiten diren operazio militarrak ere bere gain hartu beharko dituzte.
Biltzarraren azken komunikatuak honela dio, konkretuki: "Afganistango Segurtasun Indar Nazionalek operazio militarrak egin eta zuzendu beharko dituzte 2014 urtearen amaierarako".