Mundua -
Tragedia
Guatemalako zentroko arduradunak atxilotu dituzte, 40 neska hil ostean
Ikerketaren hipotesi baten arabera, adingabeak giltzapetu zituzten, ihes egiten saiatu zirelako, eta, haiek, koltxoi bati su eman zioten protesta egiteko.
agentziak | erredakzioa
Guatemalako adingabeen zentroaren arduradunak atxilotu dituzte, sutean gutxienez 40 neska hil eta gero, Ministerio Publikoak jakinarazi duenez.
Carlos Antonio Rodas Mejia Presidentetzako Ongizate Sozialaren Idazkaritzaren buru ohia, Anahi Keller idazkariordea eta Santos Torres Andra Maria Birjinaren Etxe Seguruaren zuzendari ohia dira atxilotuak. Hirurek eman zuten dimisioa aurreko asteazkenean tragedia gertatu eta gero.
Lehengo hipotesien arabera, neskak (oraindik 12 ospitalean daude) gela txiki batean giltzapetu zituzten eta, orduan, sutea eragin zuten, jasaten dituzten bortxaketak eta gehiegikeriak salatzeko.
Atxilotuak epailearen esku utzi dituzte dagoeneko eta "erruzko gizahilketa, eginbeharrak ez betetzea eta adingabeei tratu txarrak ematea" egotzi dizkiete, Larrialdiko Ikerketen Izapideetarako, Droga-jarduera, Ingurugiroaren aurkako Delituak eta Lehen Auzialdiko Zigor Arloko Epaitegiak emandako aginduaren arabera.
Rodasek hiru hilabete baino ez ditu eman Ongizate Sozialaren Idazkaritzan, eta gaur uko egin dio karguari ikerketan laguntzeko. Torres, aldiz, sutearen egun berean ordezkatu zuten, Jimmy Morales Guatemalako presidenteak tragediaren egunean iragarri zuenez.
Moralesek bere gain hartu du Estatuaren ardura ezbeharragatik, eta laguntza eskatu die Estatu Batuetako agintari federalei, gertatutakoa argitzeko ikerketan lagundu dezaten.
Guatemalan "ez dago suteetan aditua den unitaterik", esan du Moralesek; hori dela eta, FBIari laguntzeko eskatu diote, "sutea zerk eragin duen argitzeko, eta ikerketa garden eta profesionala egiteko".
Ikerketaren hipotesi baten arabera, adingabeak giltzapetu zituzten, ihes egiten saiatu zirelako, eta, haiek, koltxoi bati su eman zioten protesta egiteko.
Ezbeharraren lekuan 19 adingabe hil ziren eta, ordutik, 40ra igo da hildakoen kopurua. Ospitaleratu zituzten gazteetatik 7 AEBera eraman dituzte.
Zentroa Ongizate Sozialaren Idazkaritzaren parte da, eta 748 bat adingabe zeuden barruan, gaitasuna 400koa bada ere. Barruan, zenbait umezurtz, adingabe gatazkatiak, indarkeriaren biktimak, gaitasun urritua duten umeak eta delituren bat egin zuten adingabeak zeuden.