Mundua -
Frantzia
Parisko Orlyn hildako gizonak alkohola eta droga kontsumitu zituen
Ziyed Ben Belgacemek aurrekari penal ugari zituen, lapurtzeagatik eta droga trafikatzeagatik.
Agentziak | Erredakzioa
Larunbatean Pariseko Orly aireportuan militar bati eraso egin ostean hildako gizonak droga eta alkohola kontsumitu zituela baieztatu du gorpuaren autopsiak, iturri judizialek Eferi adierazi diotenez.
Hilotzari toxikologia-analisiak eginda, odolean kalamu zein kokaina arrastoak aurkitzeaz gain, odol litro bakoitzeko 0,93 gramo alkohol atzeman dizkiote auzitegiko medikuek. Terrorismoaren aurkako Pariseko Fiskaltza ari da ikerketaz arduratzen, eta erasoa zergatik egin zuen aztertzen.
Ziyed Ben Belgacemek, 39 urteko frantziarrak, aurrekari penal ugari zituen lapurtzeagatik eta drogarekin trafikatzeagatik. Aireportuko liskarra baino lehen, agente bat arin zauritu zuen, errepide-kontrol batean tiro eginda.
Ondoren, Orlyko aireportura joan eta han lanean ari zen terrorismoaren aurkako taldeko militar bati eraso egin eta metraileta kentzea lortu zuen. Orduan, beste bi soldatuk tiro egin eta hil egin zuten.