Mundua -
Gatazka
Kolonbiarekin harremanak hautsi egin ditu Chavezek
Mugan "alerta-egoera" agindu du Venezuelako presidenteak, Kolonbiako presidenteak ekintza militarra erabil dezakeelako "Venezuelari dion gorrotoak" bultzatuta.
Erredakzioa
Kolonbiarekin dituen harremanak apurtzen dituela esan du gaur Hugo Chavez Venezuelako presidenteak, Amerikako Estatuen Erakundea (AEE) Washingtonen egiten ari den bilkuran "gertatutakoa larria delako". Era berean, mugan "alerta-egoera" ezarri du Chavezek.
"Duintasunagatik Kolonbia anaiarekin harreman diplomatiko guztiak apurtu behar ditugu, nahiz eta bihotzean malkoak eragin. Pentsatzen duen Kolonbian arrazionaltasuna nagusitzea espero dut", esan du Chavezek.
Mugan "alerta-egoera" agindu du Chavezek, Alvaro Uribe Kolonbiako presidenteak zonan ekintza militarra erabil dezakeelako, "Venezuelari dion gorrotoak" bultzatuta.
Luis Hoyos Kolonbiako enbaxadorearen "irainak eta bidegabekeriak" AEEn entzun ostean harremanak apurtzea erabaki duela azaldu du Chavezek.
Azken urteetan Kolonbiako Gobernuak Venezuelaren kontra erabilitako gezurrak errepikatu ditu diplomatikoak, Chavezen ahotan.
"Uribek guztia hondatuz alde egin nahi du, presidente gisa porrot egin duelako. Joan baino lehenago mahaiari ostikada eman nahi dio", gaineratu du Venezuelako presidenteak.
Kolonbiaren erantzuna
Bestalde, Venezuelako Gobernuaren erabakia "okerra" dela adierazi du Luis Alfonso Hoyos Kolonbiako enbaxadoreak, eta FARC bezalako "banda kriminalekin" gauza bera ez egitea deitoratu du.
"Venezuelaren erabakia okerra da. Harremanak banda kriminalekin apurtu behar ditu eta ez Kolonbiako Gobernu legitimoarekin", adierazi du Hoyosek.