Mundua -
Ipar Irlanda
Sinn Fein alderdiak amaitutzat jo du unionistekin hasitako negoziazioa
Gobernua osatzeko epea amaitzeko 24 ordu baino gutxiago geratzen zirenean eman dute erabakiaren berri.
Agentziak | Erredakzioa
Sinn Fein alderdi nazionalistak amaitutzat jo du Ipar Irlandako Gobernua osatzeko unionistekin hasitako negoziazioa. Epea bukatzeko 24 ordu baino gutxiago geratzen zirenean eman dute erabakiaren berri; beraz, baliteke hauteskundeak deitu behar izatea.
"Negoziazio-prozesuaren ibilbidea agortu da. Sinn Feinek ez du bihar Exekutiboaren bozeramailea hautatzeko bozketan inor babestuko", adierazi du Michelle O'Neill alderdiak Ipar Irlandan duen bozeramaileak.
Gobernua osatzeko epea gaur amaituko da, 16:00etan. Orduan, Gobernu britainiarrak hauteskundeak dei ditzake berriz Ipar Irlandan, martxoaren 2an gertatu zen moduan. Alderdi Unionista Demokratikoak (DUP) Sinn Feini irabazi zion bozketan.
Bestalde, Arlene Foster DUP alderdi unionistaren buruzagiak negoziatzen jarraitzeko asmoa erakutsi duen arren, "Sinn Feinek akordioa nahi duela esateko oinarri eskasa dago", esan du BBC kateari egindako adierazpenetan.
Koalizio Gobernuaren beherakada
Martxoaren 2ko hauteskundeak aurreratuta deitu zituzten, urtarrilaren 9an Martin McGuinness lehen ministro orde eta IRA eta Sinn Feineko buruzagi historikoak dimisioa eman ostean. Martxoaren 21ean hil zen McGuinness. Arlene Foster ministro nagusiak uko egin zion kargua uzteari energia-programa polemiko baten inguruko ikerketa ahalbidetzeko. Beraz, McGuinnessek, protesta gisa, dimisioa eman zuen, eta, ondorioz, hauteskundeak deitu zituen Gobernu britainiarrak.