Mundua -

heriotza

McGuinness Ipar Irlandako lehen ministro orde ohia zendu da

Sinn Feineko kide ezagunak urtarrilean utzi zuen kargua, Arlene Fosterrekin desadostasunak zituelako antza, eta 66 urte zituela hil da.

McGuinness eragile nagusia izan zen Ipar Irlandako gerran zein bakean. Argazkia: EFE
McGuinness eragile nagusia izan zen Ipar Irlandako gerran zein bakean. Argazkia: EFE
Bakearen alde egin zuen lana goretsi dute

1:10

agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Martin McGuinness Ipar Irlandako lehen ministro orde eta Sinn Feineko kide ezaguna izan zena hil da gaur, asteartea, 66 urte zituela, The Independent egunkariak eta alderdiak berak zabaldu dutenez.

McGuinnessek urtarrilean utzi zuen kargua, Arlene Foster lehen ministroarekin zituen desadostasunak zirela medio, energia-programa polemiko bat dela eta. Ondorioz, hauteskundeak aurreratu behar izan zituzten.

Horren inguruko zehaztasunik eman ez badute ere, orain gutxi jakin da gaixotasun arraro bat zuela, amiloidosia, eta bi aste eman ditu ospitalean.

McGuinness Irlandako Armada Errepublikanoaren (IRA) komandante ere izan zen.

Gerry Adams Sinn Feineko presidenteak McGuinnessek "bere bizitza osoan erakutsitako erabakitasuna, duintasuna eta umiltasuna" goraipatu ditu. "Gaixo egon den epe labur horretan ere" hala jokatu du, esan du Adamsek.

"Errepublikazale amorratua zen, bakearen eta adiskidetzearen alde lan egin zuen gogotik, baita bere herrialdearen bat egitearen alde ere", Sinn Feineko presidente eta McGuinnessen lagun eta kideak azaldu duenez.

Gauza asko lortu zituzten elkarrekin, besteak beste, armagabetzea gauzatzera bultzatu zuten IRA, bake prozesu arrakastatsua martxan jarrita. Prozesu horren bukaeran, Gobernua osatu zuten 1998an.

McGuinness, Jonathan Powell eta Paul Riosekin batera, 2014an Loiun. Artxiboko argazkia: EFE

McGuinness, Jonathan Powell eta Paul Riosekin batera, 2014an Loiun. Artxiboko argazkia: EFE

McGuinness, Jonathan Powell eta Paul Riosekin batera, 2014an Loiun. Artxiboko argazkia: EFE

Enda Kenny Irlandako lehen ministroaren esanetan, McGuinness beti "gogoratuko dute egindako ibilbide politikoagatik", borroka armatutik lehia demokratikora eraman baitzuen. "Bakea gailendu egin behar zela sinistu ez ezik, horren alde azkeneraino lan egiteko konpromisoa ere hartu zuen", erantsi du.

Bestalde, Michelle O'Neill Sinn Feinen Ipar Irlandako buruak adierazi duenez, McGuinness politikako mitoa eta handia izan zen, bakerako eta prozesu demokratikorako bidean ezinbestekoa. "Bihotza urratuta daukat gaur goizean", esan du Twitterren duen kontuan.

Horiez gain, Theresa May lehen ministro britainiarrak McGuinnessen bakea lortzeko egindako ekarpena "ezinbestekoa" eta "historikoa" izan da.

Ohar baten bidez, Mayk nabarmendu du McGuinnessek "lan erabakigarria" egin zuela IRAk indarkeria bazter zezan.

Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministro ohia triste agertu da heriotzagatik, eta McGuinness barik bakea ez zela inoiz Ipar Irlandara iritsiko adierazi du. Blairrek McGuinnessekin negoziatu zuen 1998ko Ostiral Santuko bake akordioa.

"Iragana gorabehera, nik ezagututako Martin gizon konprometitua, gogoetatsua eta zentzuduna izan zen", azpimarratu du Blairrek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Erresuma Batua albisteak Gaurko azken ordukoa Irlanda albisteak