Mundua -

Tragedia "Love Parade"n

Tarragonako bi neska dira 'Love Paraden' hildako espainiarrak

Clara Zapater eta Marta Acosta 'erasmus' ikaleak dira Alemanian hildako bi neska espainiarrak. Ikasturtearen amaiera ospatzen ari ziren Duisburgon beste klasekideekin batera.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Duisburgoko "Love Parade" jaialdian hildako bi espainiarrak Clara Zapater eta Marta Acosta dira. Biak Tarragonakoak eta biak ''erasmus'' ikasleak. Bi hildakoen nortasuna Kanpo Arazoetako Ministerioak konfirmatu du.

Bi neskak Münsterreko Unibertsitatean ikasten ari ziren, Iparraldeko Renania-Westfalian.

Senitartekoei ere abisua eman diete eta hurrengo orduetan Alemaniara bidean izango dira.

19 hildakoen artean beste bost atzerritar daude, gutxienez. Dagoeneko 18 identifikatu dituzte; horietatik 11 alemaniarrak dira eta gainontzeko zazpiak, berriz, kanpotarrak.Bi neska espainiarrez gain, Holanda, Txina, Australia, Bosnia eta Italiako biktimak daude.

"Love Parade" gehiagorik ez da egingo

Rainier Schaller musika elektronikoaren jaialdi honetako antolatzaileak gaur esan du, gertatutako ezbeharra ikusita, ez dela ''Love Parade'' gehiagorik egingo. Duisburgoko tragediak 19 hildako eta 342 zauritu utzi ditu.

"Love Parade ekitaldi baketsua izan da beti, poztasunez beteriko jaia", baina hemendik aurrera "bizi ditugun irudi beldurgarri hauek ekarriko dizkigu gogora", adierazi die alemaniako hainbat kazetariri.

"Love Parade amaitu egin da", esan du Schallerrek.

Poliziak eta suhiltzaileek arriskua ikusi zuten 2009an

Bestalde, bihar "Kölner Stadt-Anzeiger" egunkariak kaleratuko duenaren arabera, duela hilabete batzuk, 2009ko urrian hain zuzen, tokiko polizia eta suhiltzaileek abisua eman zioten Duisburgoko alkateari. Hauen esanetan, "Love Parade"rako prestaturiko segurtasun planak gabezia garrantzitsuak zituen.

Idatzitako txostenean Duisburgoko merkantzia geltoki zaharra ez zen jaia ospatzeko lekurik aproposena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea