Mundua -
Indarkeria Afganistanen
Harrapatutako soldadu estatubatuar bat hilda dagoela diote talibanek
Harrapaketa saihesteko egindako ahaleginaren ondorioz hil zutela adierazi dute insurgenteek.
Erredakzioa
Talibanen bozeramale batek esandakoaren arabera, Segurtasuna Laguntzeko Nazioarteko Indarreko soldadu estatubatuar bietatik bat hilda egongo litzateke.
Logarreko probintzian harrapatutako beste militarra bizirik dirau eta "leku seguru" batera eraman dutela adierazi du Zabiullah Mujahid insurgenteen bozeramaileak.
"Bere etorkizunari buruzko erabakia aurrerago hartuko da", gaineratu du Mujahidek.
Hildakoa milizien akintzen ondorioz hil da, talibanek harrapatu behar zituztela ikustean ihes egiten saiatu omen zelako. Gorpua milizien eskuetan dago orain.
Aurretik, talibanen miliziek AEBko bi soldadu harrapatu eta Logarren beste bat hil zutela azaldu zuen Mujahidek.
Larunbatean, nazioarteko indarrek bi militarrak desagertu egin zirela aipatu zuten. Kabuleko base militar batetik ibilgailu baten atera ziren biak baina beranduago ez zegoen euren arrastorik.
Komunikatu labur baten bidez, soldaduak aurkitzeko asmoz hainbat patruila eta helikoptero bidali zituztela adierazi zuten militarrek.
2009ko udan, talibanek beste militar estatubatuar bat harrapatzea lortu zuten, Bowe Bergdahl. Ordutik hona hainbat bideotan agertu da Bergdahl Afganistango inbasioa kritikatuz.