Mundua -
Indarkeria Iraken
Sei hildako telebista kate baten kontra egindako atentatu suizidan
Lau segurtasun agente eta telebista kateko bi langile hil dira.
Erredakzioa
Sei pertsona hil dira Al Arabiya Bagdageko telebista katearen aurka egindako atentatu suizidan. Zaurituen kopurua ez da oraindik konfirmatu. Telebista kateak berake man du atentatuaren berri. Hildakoak lau segurtasun agente eta telebistako bi langile dira.
Atentatua nola egin duten ez da oraindik argitu, baina lehen informazioen arabera badirudi lehergaiez osotutako gerrikoa zeraman suizida baten ekintza izan dela. Eztanda egin baino lehen, gainera, bulegoetako segurtasun hesia zeharkatzea lortu du.
Qasem Atta Bagdageko Segurtasun Planeko bozeramalearen esanetan, lehen segurtasun kontroleko guardiek pasatzen utzi duten mikrobus batek eztanda egitean gertatu da atentatua.
Telebista kateak hildakoak sei direla adierazi arren, Attak eta Barne Ministerioko arduradunek lau hildako daudela esaten dute, tartean emakume bat. Informazio hauen arabera 16 dira zauritutakoak.
Kalte handiak
Leherketak telebista kateak Irakeko hiriburuan duen egoitza suntsitu eta sua eragin du ondoko eraikinean eta inguruko hainbat autoetan. Guzti honek biktimen erreskatea nabarmen zaildu du.
Hainbat anbulantzia atentatuaren lekura hurbildu dira eta poliziak ingurua kontrolpean jarri du.
Telebista kateko langileak bertatik irtenarazi dituzte bigarren eraso bat egon daitekeen beldur.
Al Arabiya telebista kateak Arabiar Emirerri batuetan dauka bere egoitza baina bere kapitala saudiarabiarra da.
Pasadan hilean, Bagdageko Segurtasun Planeko zuzendaritzak Al Arabiyaren kontra eraso egiteko plan bat zegoela ohartarazi zuen. Horren ondorioz, kateak Bagdagen duen egoitzako segurtasuna indartzea erabaki zuten.