Mundua -
AEB
Ivanka Trump aholkulari izango da Etxe Zurian, soldatarik jaso gabe
Azken asteetan ika-mika sortu da herrialdean, presidentearen egoitzako mendebaldean bulego bat izango duela ezagutu eta gero.
agentziak | erredakzioa
Ivanka Trump Donald Trump presidente estatubatuarraren alaba nagusiak Etxe Zurian aholkulari lanak egingo dituela iragarri zuen atzo, asteazkena, baina soldatarik jaso gabe. Hainbat kritika jaso ditu azkenaldian, AEBko Administrazio berrian zeregina izango duela ezagutu ostean.
Izan ere, orain dela gutxi lau haizeetara zabaldu zen bulego bat izango duela Etxe Zuriko mendebaldean, bere aitak gidatzen duen Gobernuan lanposturik izango ez zuela esan eta gero. Orduan, kritikak areagotu egin ziren, presidentearen alabak informazio sekretua eskura izan zezakeelakoan.
Horren aurrean, Ivanka Trumpek esan du badakiela "batzuk kezkatuta daudela" presidentearen aholkulari izango delako, "nahiz eta arau etiko guztiak" bete dituen eta, zehaztu duenez, "Etxe Zurian soldatarik jaso gabe" lan egingo duen, "gainerako langile federalek dituzten arauen arabera".
Trumpen alaba nagusiak, The New York Timesek argitaratutako ohar batean, adierazi du Etxe Zuriko kontseiluarekin eta kontseilu pertsonalarekin lan egin duela "orpoz orpo eta fede onez" bere zereginaren "nondik norakoak aztertzeko", aurretik ez baita halakorik egin.
"Oso pozik gaude Ivanka Trumpek, alaba nagusia den heinean, urratsa ematea erabaki duelako, aurrenekoz, presidentea babesteko", esan du Etxe Zuriko bozeramale batek aipatutako hedabideari igorritako mezu elektroniko batean.
"Ivankak soldatarik izan gabe lan egiteak etikarekin, gardentasunarekin eta betebeharrarekin dugun konpromisoa bultzatzen du, eta gizarte estatubatuarraren onerako politikak egitea ahalbidetzen du, eta aurretik ezin zuen halakorik egin", gaineratu duenez.
Bestalde, Jamie S. Gorelick Trumpen alabaren abokatuaren esanetan, bere erabakia "estandar etikoekin duen konpromisoak" eta "ikuspegi kontrajarriak" ikusteko nahiak eragin dute.