Mundua -
Hego-mendebaldean
Gutxienez 234 hildako Kolonbian, uholde eta luiziengatik
Larrialdi-egoera ezarri du Kolonbiako presidenteak, eta Armada berehala mobilizatu du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gutxienez 234 herritar hil dira eta 220tik gora zauritu Mocoan (Kolonbia) izandako luiziengatik eta uholdeengatik, Defentsa Zibilerako Probintzia-Zuzendaritzak jakitera eman duenez. Azken orduetan izandako euriteek eragin dituzte uholdeak. Mocoa Kolonbiako hego-mendebaldean dago, eta Putumayoko probintziako hiriburua da.
Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak hondamen-egoera ezarri du, eta Armada eta Arriskuaren Kudeaketarako Talde Nazionala mobilizatu ditu. Hala, kaltetuak behar bezala artatzeko beharrezko neurriak hartu ahal izango dituzte. Besteak beste, edateko ura eramango dute hainbat kamioitan, baita argindarra ere, argirik gabe daudelako.
Hondamendiaren zonaldean izan da Santos, eta oraindik "jende asko dagoela desagertuta" azaldu du. Hori dela eta, aurkitu ez dituzten pertsonen zerrenda egiten ari dira.
Mocoako 17 auzotan uholdeak izan dira, bereziki San Miguel, Progreso eta Independencia auzogunetan. Horietan 500 familia berehala ebakuatu behar izan dituzte, Larrialdietarako hainbat iturrik azaldu dutenez.