Mundua -
Atentatuak
Gutxienez 47 hildako Egiptoko bi elizatan izandako atentatuetan
Zaurituak 100 baino gehiago dira, Egiptoko Osasun ministerioak emandako informazioaren arabera.
Agentziak | Erredakzioa
Gutxienez 38 pertsona hil eta beste 100 baino gehiago zauritu dira Egipton, bi elizatan izandako bi atentatuen ondorioz, Egiptoko Osasun ministerioaren esanetan.
Alde batetik, Tanta hiriko San Jorge elizan izandako erasoan 29 pertsona hil eta 77 zauritu dira, Kairotik 120 kilometrora, MENA albiste agentzia egiptoarrak azaldutakoaren arabera. Leherketa Erramu Egunean gertatu da, kristau koptoek Aste Santuari hasiera emateko egiten duten mezan. Egiptoarren % 10 dira koptoak.
Beste alde batetik, bigarren erasoa geroago gertatu da kostaldeko Alexandria hirian, San Markos katedralean. 18 pertsona hil eta 42 zauritu dira, ministerioko iturrien arabera.
Estatu Islamiarrak bere gain hartu ditu erasoak
Estatu Islamiarra talde jihadistak erasoak bere gain hartu ditu, Amaq agentziaren bidez. Antolakuntzako "segurtasun talde" batek egin dituela azaldu du, sare sozialetan zabaldutako ohar batean. Agintariek ezin izan dute baieztatu adierazpena egiazkoa den ala ez.
Estatu Islamiarraren filialak ere bere gain hartu zuen 2016ko abenduaren 11n San Pedro elizan egindako erasoa, Kairoko katedralaren ondoan. Orduan 28 pertsona hil ziren, terrorista suizida batek egindako leherketan.