Mundua -

Atentatuak

Larrialdi egoera ezarri dute Egipton hiru hilabeterako

Tanta eta Alexandria hirietako bi eliza kristauen aurkako atentatuen ostean, al Sisi presidenteak neurria iragarri du, 'erasoak ekiditeko'.

Egiptoko biktimen aldeko hileta-elizkizunak. EFE
Egiptoko biktimen aldeko hileta-elizkizunak. EFE
Egiptoko Gobernuak hiru hilabeteko larrialdi egoera deitu du

1:26

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Abdelfata al Sisi Egiptoko presidenteak herrialde osoan hiru hilabetez larrialdi egoera ezartzeko asmoa adierazi du, atzo Tanta eta Alexandriako bi eliza kristauren aurka atentatuak izan ostean. Gutxienez 47 pertsona hil ziren atentatu horien ondorioz, "Al Ahram" egunkariaren arabera.

Al Sisik telebista publikoan egin du agerraldia, "beharrezkoak diren legezko neurriak eta konstituzionalak" betetzen direnean abiatuko dutela azaltzeko. "Gure herrialdea babestu eta erasoak ekiditeko erabaki dugu", azaldu du.

Horrez gain, iragarritakoaren arabera, erakunde berri bat sortuko du, terrorismoaren eta muturreko jarreren aurka borrokatzeko eta hitzaldi erlijiosoak eta muturreko ideiak doitzeko: Kontseilu Nagusia.

"Gure dolumina adierazi nahi diegu egiptoar guztiei. Ez dut esango 'gure anaia kristauentzat', egiptoar guztientzat baizik", gaineratu du. Nazioarteari dagokionez, terrorismoa babesten duten herrialdeak zigortzea eskatu du Al Sisik. Berebat, nabarmendu duenez, Sinai eskualdean terrorismoaren aurkako borrokak izandako arrakastaren ondorio dira asteburuko atentatuak.

Larrialdi egoera ezarri baino lehen, hiru dolu egun erabaki zituen Egiptoko presidenteak, herrialdeko toki esanguratsuenak babesteko armada bidaltzeaz gain. Atentatu horiek izan eta gero, Poliziari "instalazio garrantzitsuenak" babesten laguntzea da helburua.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Albisteak Egipto gaur