Mundua -

Gatazka

'Elkarrizketa' proposatu dio Kolonbiako Gobernuari FARCeko buruzagiak

"Irtenbide politikoak bilatu nahi ditugu, Gobernu berriak gogoeta egitea eta herrialdeari ez engainatzea nahi dugu, bukatu dela esanez, hori egia ez delako", adierazi du Alfonso Cano-k.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Herrialdeak bizi duen "egoera beldurgarria" gainditzeko "elkarrizketa" proposatu dio Kolonbiako Gobernu berriari Guillermo Leon Saenz Alfonso Cano FARCeko buruzagiak.

"Irtenbide politikoak bilatu nahi ditugu, Gobernu berriak gogoeta egitea eta herrialdeari ez engainatzea nahi dugu, bukatu dela esanez, hori egia ez delako", adierazi du Alfonso Cano-k, "uztailean" grabatutako mezu batean. Mezua Interneten ikus daiteke eta gerrilla lur jota ez dagoela nabarmendu du FARCeko buruzagiak.

Juan Manuel Santos presidente berriari zuzendutako lehen mezua izan da. Santosek abuztuaren 7an hartuko du boterea, baina Alvaro Uribe egungo presidentearen Defentsa ministro gisa gerrillari kolpe garrantzitsuak eman dizkio.

Grabazioa "presidente berriari, Kolonbiari eta Unasurreko herrialdeei" zuzendu die FARCeko buruzagiak eta gerrilla lur jota ez dagoela errepikatu du. Uriberen Gobernua herria engainatzen ari dela azaldu du Alfonso Cano-k.

"Borrokaldiak"

"Alfonso Cano burkidearen" arabera, soilik maiatzean indar publikoetako 304 kide hil zituen gerrillak, eta 312 "borrokaldi" eta 800 zauritu baino gehiago izan ziren. Mezua kanpamentu batean grabatu du FARCeko buruzagiak, armaturik eta gerrilariak inguratuta. "Noski, guk ere bajak izan ditugu", azaldu du Alfonso Cano-k, baina kopururik zehaztu gabe.

Uriberen Gobernua gogor kritikatzen du buruzagi gerrilariak grabazioan. "Indarkeria terrorista da Uriberen Exekutiboaren ikur", FARCeko buruzagiaren hitzetan. Ustelkeria egotzi dio Uriberi gerrilariak, baita droga-trafikoak itsututa ekitea ere, herrialdea armamentu lasterketa batera eramanez.

"Segurtasun demokratikoa" Uriberen politikaren oinarrietako bat izan da zortzi urte hauetan, baina "Kolonbian zibilen hilketak ugaritzea ahalbidetu du horrek", gerrilariaren ahotan.

Alfonso Cano-ren ustez, herrialdearen "egoera beldurgarria" gainditu beharra dago, "elkarrizketaren, negoziaketen, proposamen politikoen eta diplomaziaren bidez".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea