Mundua -
'Love Pradeko' tragedia
'Love Paradeko' 21 hildakoen hiletak ospatu dituzte Duisburgon
Bertan egon dira Angela Merkel kantzilerra eta Christian Wulff Alemaniako presidentea. Duisburgoko alkatea eta "Love Parade"ko antolatzailea, berriz, ez dira agertu "tentsiorik ez sortzeko".
Erredakzioa
Duisburgok "Love Parade"ko 21 hildakoak gogoratu ditu gaur, zorigaiztoko gertaera izan zenetik astebete iragan denean.
Elizkizun urria eta hunkigarria izan da eta elizako organoan Johannes Sebastian Bachen musika jo dute hildakoen omenez. Aldarearen ondoan 21 kandela piztu dituzte gertaeraren egunean biktimei laguntzen izan ziren suhiltzaile, polizia eta elizbarrutietako eta osasun zerbitzuetako kideek.
Eliza txiki geratu da (500 pertsonarentzako lekua du) eta, hori aurrikusita, elizkizuna zuzenean eman dute hiriko 14 elizetan eta Duisburgoko futbol zelaian. Azken honetako berdegunean gurutze handi bat jarri dute.
Hannelore Kraft Ipar Renania-Westfalia "Land"eko lehen ministroak pasadan astean gertatutakoa argitzerako orduan "profesionaltasuna eta zintzotasuna" erabiltzeko deia egin du, bertan 21 "pertsona gazte eta biziz betetakoak" hil zirela gogoan edukiz.
"Haien senitarteko eta lagunekin zor bat daukagu", esan du Kraftek. Ondoren, hildakoen artean "Italia, Holanda, Bosnia, Txina eta Espainiatik etorritako jendea" ere zegoela azpimarratu du. Haien artean, Clara Zapater eta Marta Acosta Tarragonako bi ikasleak zeuden.
Kraft elizkizunean hitz egin duen politikari bakarra izan da. Bertan izan dira Angela Merkel kantzilerra eta Christian Wulff Alemaniako presidentea, beste agintari batzuen artean.
Telebistak zuzenean eman du
ARD eta ZDF bi telebista kate publikoek elizkizuna zuzenean eman dute, tokiko telebista eta beste hainbat kate pribaturekin batera. "Love Parade"n hildakoez gain, 511 zauritu ere egon zirela gogoratu nahi izan dute, horietatik 25 ospitalean jarraitzen dute.
Elizkizunean ez dira izan Adolf Sauerland Duisburgoko alkatea eta Rainer Schaller, ekitaldiaren antolatzailea. Bi hauek Gertatutakoaren errudun nagusi jotzen dituzte poliziak eta fiskaltzak aurkeztutako txostenek.